Urteko azken eguna da eta, ia ezinbestean, pantaila txikiak eman duena aztertu beharra dago.
Gehienetan onena nabarmentzen denez, kaskarrenei ere aipamen txiki bat egin nahi nieke. Multzo ilun horretan sartzen dira bi izenburu espainiar hauek: El refugio atĂ³mico eta Olympo.
Lehenengoa La casa de papel telesailaren sortzailean eskutik iritsi da. Premisa interesgarria bada ere (hirugarren Mundu Gerra hastear eta pertsona aberatsen talde bat luxuzko bunker batean babestuko da), emaitza ezin kaskarragoa da. Olympo, berriz, klixe, estereotipo eta gehiegikerietan murgiltzen da. Elite, baina kirolariekin. Desastre hutsak.
Onenari emango diot paso orain: The Rehearsal-en bigarren denboraldia, Yakarta, It Welcome to Derry, The Chair Company, Adolescence, Common Side Effects, After the Party, The Studio eta Task bikainak iruditu zaizkit. Bakoitza bere erara, istorio, tonu eta estilo guztiz desberdinak erabiliz, aurten telebistan ikusi ditudan proposamen nabarmenen artean kokatuko nituzke.
Horien guztien gainetik, ordea, beste hiru kokatuko ditut: The Pitt, Severance-ren bigarren denboraldia eta Pluribus. Lehenengoa Pittsburgh Trauma Medical Center ospitaleko larrialdietako hegalean girotutako telesaila da. Hamabost atal, hamabost orduko jarduna. Eskema horrek tentsioa, urduritasuna eta larritasuna areagotzen ditu, bai pertsonaiengan, bai ikuslearengan ere. Telesailak ez du etenik; erritmoa etengabea, oso bizia eta frenetikoa da.
Severance telesailaren bigarren denboraldia, berriz, aurten egon den proposamenik berritzaile, ausart eta liluragarriena da. Intrigazko premisaren eta exekuzio bikainaren bidez, ezbaian jarriko du lanarekin, oroimenarekin eta nortasunarekin dugun harremana. Entretenitzeaz gain, galderak eragiten ditu.
Eta urrezko domina Pluribus telesailarentzat da. Breaking Bad-en sortzailea eremu guztiz berri batean murgildu arren, proposamenak sortzailearen ukitu berezia gordetzen du: erritmo narratiboaren dohain paregabea, atal borobil eta koherenteak ehuntzeko abilezia, eszenaratze zaindua eta kolore-paleta adierazkorra, sinbolismoz beteriko planoekin uztartuta. Umore beltza eta ironia fina berriro ere ageri dira, baita Gilliganen unibertsoan ohikoak diren pertsonaia berezi, kontraesankor eta hunkigarriak ere.