gaizka izagirre
Ekografiak

Oreka hauskorra

2026ko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendia maite dugunontzat plazer handia dira azken urteetan gai horren inguruan sortu diren dokumentalak: The Dawn Wall (2017), Valley Uprising (2014), The Alpinist (2021), Mountain Queen (2023), Rescate al lĂ­mite (2026), Touching the Void (2003), Free Solo (2018) eta, jakina, 2012an Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak zuzendutako Pura vida. The Ridge ere aipatzekoa da.

Mendia eta kirola dira guztien ardatza, jakina, baina horietako askoren muinean bestelako gai konplexuak ere azaleratzen dira: biziraupena, obsesioa, osasun mentala, berrerospen pertsonala, trauma, autoezagutza, errebeldia soziala, perfekzionismoaren psikologia, identitatea, eta naturaren eta gizartearen arteko talka, besteak beste.

Lau zatitan banatutako The Dark Wizard (HBO) dokumental bikaina ildo beretik doa.

Lanak Dean Potterren —munduko eskalatzaile, BASE jauzilari eta highline praktikatzaile eraginkor eta polemikoenetako bat— erretratu konplexu eta kontzesiorik gabekoa eskaintzen du. Mito bihurtu zuten balentria ia sinestezinak eta haren bizitza markatu zuen barne asaldura sakona aztertzen ditu telesailak. Dokumentalaren alderdi nabarmenetako bat Potterren dualtasunean jartzen duen arreta da: batetik, free solo, highline eta BASE jauziaren aitzindaria; bestetik, barne gatazkek eta arriskuarekin eta heriotzarekin zuen harreman konplexuak zeharkatutako figura. Telesailak ez ditu soilik kirol lorpenak azpimarratzen; haren alderdirik gizatiarrena eta zurrunbilotsuena ere agerian uzten du, baita osasun mentalarekin lotutako iluntasunak ere.

Artxiboko materialak, eskaladako pertsonaia esanguratsuei egindako elkarrizketek (Alex Honnold, esaterako) eta Potter mugitzen zen ingurune basatiaren edertasuna eta arriskua transmititzen duen narratiba bisual biziak osatzen dute piezaren ardatza. Gainera, irudi historikoen eta grabazio pertsonalen erabilerak murgiltze giro sakona sortzen du, eta etengabeko arriskuaren sentsazioa areagotu.

Dokumentalak galdera nagusi bat planteatzen du: kirol munduko jenioa al da Potter ala bere buruarekiko harreman autosuntsitzaileak bultzatutako norbait? Anbiguotasun hori da telesailaren muina, eta horri esker saihesten du azalpen sinplea, eta erretratu konplexuago, ilunago eta ñabartuago baten alde egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA