Ekografiak zutabean idazten dudan hirugarren ikasturtea da hau. Duela hiru urte BERRIAn idazteko proposamena jaso nuenean, urduritasunak, zalantzak, «ez naiz gai izango»-ak eta abarrak kutsatu zuten nire arrazoimena. Gaur, 200 testutik gora idatzi ondoren, laino toxiko haiek desegin dira. Atzera begiratuta, egindako bideaz pozik nago; aurrera begira, oraindik idazteko ditudan orri zuriek pizten didaten grina itzela da.
Gogotsu eta ilusioz gainezka nago, barrenak zuekin partekatzeko irrikaz; pantaila txikian astero jasotzen ditudan bizipen, istorio eta xehetasunak aipatu, xehatu eta zuekin elkarbanatzeko gogoz. Aurtengoan ez dut Lide Hernando bidelagun izango; haren tokia Sara Azurzak hartuko du. Bere gomendioak eta iruzkinak irakurtzeko irrikaz nago!
«Ikasturte berri honi hasiera emateko, udan ikusi dudan ze izenburu gomendatuko dut?» galdera dabil nire buruan dantzan azken egunotan. Betekada saihesteko, patxadaz hartuko dut, eta apurka aletuko dizkizuet guztiak datozen asteotan.
Nazioarteko gomendio ugari izango dira tartean, baina nire desirarik handiena astez aste zutabe hau hornitzeko adina euskarazko eduki aurkitzea da. Eta, badirudi, aleluia!, aurtengoan aurrekoetan izan ez genuen uzta nahiko oparoa izango dugula —ez zen oso zaila, egia esan—.
Zeru ahoak, esaterako, ate joka dugu, Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute. Nagore Aranburu da thriller berri eta ilun horren protagonista, eta Hondar ahoak-en ezagutu genuen Nerea Garcia pertsonaiaren azalean jarriko da berriro ere.
Alberto Gastesiren Argi gorriak ere iritsiko da. Telesailak umorea, intriga eta familia-drama uztartuko ditu ikuspegi fresko eta eguneratu batekin. Elena Mujika (Itziar Ituño) izeneko bikoizketa-aktorearen istorioa kontatuko du: bere urterik zirraragarrienak atzean utzi dituen emakumea da, eta errutinan murgilduta bizi da.
Odol ilargia, aldiz, elementu fantastikoak dituen thrillerra izango da; David R. Losada zinemagileak zuzendu eta gidoia ere berak idatzi du, Mikel Alvarez Sarriegirekin batera.
Euskarari buruz ari garela, egunotan ospatzen ari den Gasteizko FesTVal jaialdiari egin nahi diot aipamena: aurten ere, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Sei eguneko egitaraua arretaz begiratuz gero, gaztelaniaren nagusitasuna eta espainiar kutsua lotsagarriak dira.