Interneteko anabasan egunero igerian ibiltzeko joera duzuenontzako hau ez da batere berria izango; are gehiago, bizi garen erritmoan, baliteke gehienok kontua jada ahaztua izatea. Baina beste guztiontzako, hortxe doa: aurreko ostegunean, TVEko La Revuelta saioan, ohiko elkarrizketaren ordez, David Broncano aurkezleak eta saioko beste langile batzuek azalpen askorekin osatutako adierazpen garrantzitsu bat egin zuten. Kontua izan zen hasieratik saio horrekin lehian ibili den Antena 3eko El Hormiguero-k euren elkarrizketatua zein zen jakin zuela —Moto GPko mundu mailako irabazle Jorge Martin— eta, euren azpijoko eta trikimailuak erabiliz, elkarrizketatua La Revuelta-tik joatera behartu zutela. Helburua? El Hormiguero-n lehenago ateratzea, noski.
Broncanok eta bere lankideek bideo biral horretan diotenez, ez omen da El Hormiguero-k hau egiten duen lehen aldia. Askotan saiatu dira La Revuelta-k —antzina Movistar Pluseko La Resistencia— ekarri behar zuen elkarrizketatua atzera botatzen; batzuetan lehiakortasun hutsagatik eta, gehienetan, euren saiora lehenbizi joan zedin. Kasu honetan, ordea, gonbidatua jada La Revuelta-ko kamerinoetan zegoela behartu zuten handik ateratzera, lantaldea saio horretan goizeko 09:00etatik lanean aritu ondoren.
Askorentzat ez da gauza berria telebistak jokaera mafiosoekin jardutea. Lehiakortasuna aitzakiatzat hartuta pertsona famatuak kromoak balira bezala salerostea, besteen primiziak zapuztea, gonbidatuei mehatxuka aritzea; korronte ez-ofizialetan zirkulatzen duten albisteak izan dira beti. Broncanok bideo horretan dioen zerbaitekin guztiz ados nago, gainera: badira besteekin sartzeko txisteak egiten dituztenak, eta badira beste batzuk, beste saioekin umorea baliatuz sartu beharrean, azpijokoak eta botere indarrak erabiltzen dituztenak.
Kontua da, eta hau da niretzat garrantzitsuena, maila horretako saio batek adierazpen hauek egitea badela gauza berria telebistan. Eta La Revuelta-k gizartean duen eragina ikusita, espero dudan bakarra da honek telebistaren joko arauak apur bat aldatzea; nahiz mesfidati egiten dudan eskaera bat den. Pandoraren kaxa hau zabalik gelditzea espero dut, eta urteetan zehar inpunitatez egin dituzten gauza ilun guztiak hortik ateratzen joatea banan-banan.