Sara Azurza
Ekografiak

Pantailaz bestaldekoen larruan

2026ko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Interneteko mundu birtualaren atzean, kosta egiten da mezuen beste aldean dauden pertsonak irudikatzea. Norvegiako A Better Man (2025) telesailak sare sozialak, misoginia eta kantzelazioaren kultura hartzen ditu abiapuntutzat bere istorioa eraikitzeko.

Tom (Anders Baasmo Christiansen) sareetan emakumeei erasotzen dien incel-a da, eta haren obsesio nagusietako bat Live Stensvaag (Ingrid Giæver) umorista ezaguna da. Stensvaagek Tomen benetako identitatea publiko egiten duenean, ordea, ordura arte anonimotasunaren atzean ezkutatzen zen gizona denen jomugan geratuko da bat-batean. Mundutik ihes egiteko, emakumez mozorrotzea erabakiko du, eta Berit izango da haren identitate berria.

Emakume bezala, maiz pentsatu izan dut mundua hobea izango litzatekeela gizon batek gure larruan biziko balitu sistematikoki pairatzen ditugun askotariko jazarpen eta indarkeriak. Konturatuko litzateke, agian, oraindik ere zenbat min egiten den. Beriten larruan, Tomek indarkeria horietako batzuk bere gorputzean biziko ditu eta, patuaren ironiaz, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko zentro batean boluntario amaituko du.

Lau ataletan, telesailak muturrera eramaten du txarretik onera doan pertsonaiaren bilakaera klasikoa. Baina ez du Tom bat-batean beste pertsona bat bihurtzen. Pertsonaiaren hoztasunari eta gogortasunari eusten dio eta, pixkanaka, Tomen eta Beriten arteko distantzia lausotuz doa. Protagonistaren antzezpenaz gain, hori da, niretzat, telesailaren indargune handienetako bat. Bere konplexutasun eta kontraesan guztiekin, bi identitateen arteko muga ia oharkabean deseginez doa. Bidean, Tomek emakume askoren istorioak ezagutuko ditu, baita bere bizilagunarena ere. Salaketa sozialaren eta dramaren artean, besteei laguntzeko gai dela konturatuko da, eta horrek bere buruari beste modu batera begiratzera behartuko du.

Oro har, telesail ausarta da, zuzen hitz egiten duena eta gai deserosoak lotsarik gabe mahai gainean jartzen dituena. Baina A Better Man ez da soilik gizon bat emakume baten larruan jartzen duen istorioa. Pantaila guztien beste aldean pertsonak daudela gogorarazten digun kontakizuna ere bada. Kaxa argitsu hauetatik begirada altxatu eta ingurura begiratzeko aldarria egiten du. Agian, enpatia berreskuratzeko lehen pausoa horixe baita. 

Filminen ikus dezakezue. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA