Sara Azurza
Ekografiak

Pauso baten abiaduran

2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkar bizi gara. Azkar ibiltzen gara, azkar jaten dugu, azkar irakurtzen dugu, eta pantaila batetik bestera ere azkar pasatzen gara. Begiratu baino gehiago, ikusi egiten dugu. Eta horregatik da hain berezia Tsai Ming-Liangen Walker erakusketaren aurrean gelditzea.

Tabakalerak, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, zinemagile taiwandarraren unibertsoa eraman du hirugarren erakusketa aretora. Proiektuak 2011n du jatorria, Tsai Ming-Liang Lee Kang-Sheng aktorearen urrats geldoek liluratuta geratu zenean. Hortik sortu zuen Walker saila: aktorea Xuanzang monje budistaren bertsio garaikide bihurtuta, ilea larru-arras moztuta, oinutsik eta tunika gorri batekin, munduko hirietan barrena ia ezinezkoa dirudien abiaduran ibiltzen da.

Erakusketak saileko hiru ikus-entzunezko pieza biltzen ditu: No Form (2012), Walker (2012) eta Journey to the West (2014). Hong Kong, Taipei eta Marseillako kaleak zeharkatzen dituzte, eta hiri bakoitza eszenatoki izatetik harago doa: pertsonaietako bat bihurtzen da. Monjearen gorputz geldoaren inguruan, munduak bere ohiko erritmoan jarraitzen du. Autoak igarotzen dira, jendea joan-etorrian dabil, hiria ez da gelditzen. Bera bai. Kontraste horretan eraikitzen da irudiaren indarra.

Eta hor dago, niretzat, proposamenaren edertasuna. Ez da soilik zer ikusten dugun, nola eta zenbat denboraz begiratzen dugun baizik. Urrats bat luzatzen denean, irudiaren barruan normalean ihes egiten diguten gauzak agertzen hasten dira. Keinu bat, argiaren aldaketa, oinezko baten jakin-mina, gorputz baten mugimendua. Geldotasunak ez du irudia husten; alderantziz, xehetasunez betetzen du.

Horregatik du zentzua Walker-ek erakusketa-areto batean. Zinema da, baina ez digu ohiko zinema-esperientzia eskatzen. Ez dago kontakizun baten amaierara iristeko presarik, ezta argumentu bati eutsi beharrik ere. Irudiak espazioa hartzen du, eta denborak beste pisu bat. Ikuslea ere beste modu batera kokatzen da haren aurrean.

Walker 2012tik hazten joan da, eta dagoeneko hamar hiritan filmatutako hamabi lan biltzen ditu. Azkena, Dust, Tsai Ming-Liangek Donostian grabatu zuen 2025eko udan, eta 2026ko Donostia Zinemaldian aurkeztu dute. Zinemagileak berak esan bezala, Donostia hiri ederra da, merezi duen patxadaz begiratzeko.

Dena azkartzera bultzatzen gaituen mundu batean, gero eta zailagoa egiten zaigu gelditzea. Sakelako telefonotik begirada altxatzea, kale bati erreparatzea, pertsona baten ibilera jarraitzea edo, besterik gabe, irudi baten aurrean minutu batzuk ematea. Arreta segundo gutxitan neurtzen dugun garai honetan, begirada leku berean mantentzea ia erresistentzia-ekintza bihurtu da. Eta, batzuetan, mundua beste modu batera ikusteko ez dugu urrunago joan behar. Nahikoa da gelditzea. Eta begiratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA