Ez, ez dut zakar izateko asmorik, ezta Mikel eta Iñaki Iriarte anaiek ere. Horregatik ez dituzte gonbidatuak pikutara bidaltzen, baina bi pikurekin agurtzen dituzte Bi eta Piku(ta)ra ekarri ondoren, asteartero arratsaldeko seietan, edo sei eta pikuan Naiz Irratian, eta entzuleok nahi dugunean YouTuben eta webgunean.
Orain arte argitaratu dituzten hiru ataletatik lehenengoan, Iker Gurrutxaga Musikharia saioaren gidariak, aitabitxiaren papera betetzeaz gainera, irrati-aholku batzuk eman zizkien; batzuk, mikrofonoetan; beste batzuk, berriz —imajinatzen dut—, nahasketa-mahaiko faderrak jaitsi eta gero. Ez dut gaiztoa izan nahi, baina soinu-teknikoaren ofizioaren alde egin behar dut eta berarekin enpatizatu esatariak mikrotik urruntzen direla, mahaiko objektuak botatzen edo beste zarata batzuk egiten dituztela ikustean. Momentu batzuetan kaotikoa iruditu zitzaidan estreinako saioa, baina bazegoen hobetzeko aukera. Eta egon da.
Bigarrenean, nire ustez irrati eta euskal komediako erreferentea den Mirari Martiarena gonbidatu zuten, eta horrek bakarrik lagundu ahal zuen nire hasierako iritzi kritikoa birplanteatzera eramaten: umore saioa, hiru gizon, gidoirik gabeko solasaldia… ez zen aurkezpenik onena nire ustez. Honetan, aldiz, hobekuntza nabaria izan zen: kareta, sintonia, logoa, aurkezpen landua, gidoi freskoa, aurreko gonbidatuak utzitako gaiaren ustekabea…, baita errealizazio landuagoa ere. Lan gutxiago teknikariarentzat, istripuak egon baziren ere. Zortzi bat eman zioten beraiek, oso ongi bat. Ados. Beharbada zerbait gehiago ere bai.
Hirugarren eta momentuz azken atalean, Mikel Antero elkarrizketatu dute. Eta esango nuke neurria hartu diotela saioari, eta honetan ez zitzaien pantaila itzali (irratitik aditu bazenu ez zenuen nabarmendu aurrekoan), adibidez. Hala ere, ez dakit nota altuagoa jarriko nion… Laugarren eta hurrengoen zain geratzen naiz, baita —ikasgelan gezurrik esan ez badute behintzat— ikasleak ere, irribarrea ahoan.
Irratsaio hau ez da adibide isolatua, Naiz Irratiaren komunikazio-egitasmoaren egonkortasunaren beste adierazle bat baizik. Euskal Herriko irrati nazional bakarra izatetik harago, programazio sendo eta erakargarria eskaintzen baitu. Beste baterako utziko dut euskalkien erabilerari buruz zabaldu zuten eztabaidaren inguruan dudan iritzia.