Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Pizkunde erlijiosoa

2026ko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harridura handiz ikusten ari naiz gero eta leku gehiagotan pizkunde erlijiosoaz hitz egiten ari dela Rosaliaren azken diskoaren eta Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos filmaren harira. Gutxi inporta zaie erlijio eta sinesmenen inguruko Espainiako lehen barometroak kontrakoa esatea, edo, bereziki EAEn, ateoen portzentajea gainerako erkidego autonomikoetan baino handiagoa izatea —badirudi Nafarroan sinestunen kopurua handiagoa dela ikerketa horren arabera—. 

Ez dakit ustezko berpizte horrekin zerikusirik duen ala kasualitate hutsa den, baina sare sozial bateko algoritmoak behin eta berriz ekarri dit ezagutzen ez nuen, baina publizitatearen arabera Bilbon hogei urtez ari den, Bidea Irratiaren iragarkia. Kuriositateak bultzatuta, sartu nintzen haren webgunean, eta eskaintzen duen programazioa miatu nuen. Mezu batzuek izutu nindutela aitortu behar dut, oso atzerakoiak iruditu zitzaizkidalako. 

Dialean beti leku nagusia duen Radio Maria —Donostiako gotzaina zen Munillak esan zuen moduan, Jaurlaritzaren lizentzia izan beharrean Andre Mariarena zuena— broma bat iruditzen bazaigu ere, izen ezberdinetako eliza kristauen bozgorailuak ugaritzen ari dira maiztasun modulatuan. Ez dut ukatzen komunitate batzuen kohesiorako topalekuak direla komunikabide horiek, baina, aldi berean, gaindituta omen zeuden diskurtsoak ekarri dituzte, bereziki gizartearen eta sexualitatearen inguruan. 

Irrati erlijiosoak betidanik izan dira Euskal Herrian, Iparraldean zein Hegoaldean, eta, gainera, oso lotura handia izan dute euskararekin, agintariek eliz hizkuntzatzat jotzen zuten heinean ezarritako debekuen gainetik zegoen-eta. Berrehun parrokia-irrati inguru izan ziren garai batean gure lurraldean, potentzia gutxikoak eta tokian tokikoak.  

Gaur egun, besteak beste, Baionatik Lapurdi Irratian erlijioak pisu nagusia du programazioan. Gipuzkoan, Arrate Irratiak jarraitzen du «euskal kultura eta Jaunaren Barri Ona zabaltzen», eta Bizkaian badaude apezpikutzaren menpeko bi irrati: Bilboko Herri Irratia eta Bizkaia Irratia. Azken hori bizkaieraren babeslekua da, eta, eguneroko mezarekin eta elizarekin loturiko ekimenen publizitatea egitetik harago, programazio oso eta askotariko bat eskaintzen du. Ez dut zalantzan jartzen hiruretan Rosaliaren diskoa ere entzuten denik.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.