Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Plazatik plazara

2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19aren ondorioz bidaiatzea zailagoa egin da. Pandemia hasi zenean Kolonbian nengoen eta bueltako bidaian ez nekien hurrengo hegazkina noiz hartuko nuen. Argi nuen gauza bakarra zen bidaiatzea aldatu egingo zela. Hegazkin bat hartzeko, pasaporteaz gain COVID Ziurtagiria derrigorrezkoa egin zaigu gaur egun. Leire Palacios eta bere taldeak traba hauei guztiei aurre egin diete Munduko plazan saioa grabatzeko. Munduko txoko desberdinak erakutsiko dizkigu saioak eta bere lehenengo helmuga Istanbul izan da.

Aurreko ostegunean estreinatu zen saioan, argi geratu zen Munduko plazan ez dela bidaia saio arrunt bat. Bisitatzen dituzten hirietan bizi diren euskaldunak aurkitu dituzte beren testigantzak jasotzeko, baina ez pentsa Vascos por el mundo bezalako saioetako erritmo azkar eta zaratatsua izango duenik. Leire Palaciosen saioan erritmoa lasaiagoa da, zorionez. Lehen kapituluan, Istanbulen bizi diren lau pertsonarekin ezagutu dugu hiria. Zona turistikoenetatik hasi, modako auzoa ezagutu eta auzo kurduaren egoera erakutsi digu Palaciosek. Istanbul hiri berezia da, bi kontinenteen arteko bidea delako eta arkitektura oso berezia duelako. Palaciosen galderek elkarrizketatzen dituzten pertsonen bizipenak eta sentimenduak agerian uzten dituzte, eta horrek sakontasuna ematen dio saioari. Irudia ere oso zaindua dago eta plano ederrak oparitu dizkigu.

Sare sozialei keinu egiten die saioak. Instagrameko geolokalizazio etiketak erabili dituzte non dauden argi geratzeko. Elkarrizketatzen dituzten pertsonen izenak sare sozial bereko etiketak izango bailiran agertzen dira eta saioan entzuten den musika zein den ere ikusten da. Musika berriro entzun ahal izateko, Spotifyko zerrenda bat sortu dute eta Instagrameko kontua du saioak. Bertan, bidaietako argazkiak eta erreportajeen bideo txikiak jartzen ari dira. Saioan zehar sare sozialei egiten zaien keinua oso interesgarria egiten zait eta uste dut abilezia handiarekin erabili dutela.

Oraindik plaza gehiago erakutsi behar dizkigu Leire Palaciosek. Gaur gauean esaterako, Mexiko Hiriko plazak ikusiko ditugu eta protagonista berriak ekarriko dizkigu. Telebistaren bitartez bidaiatzeko aukera eman digu saio honek eta nik behintzat ez dut aukera hori galdu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.