Sara Azurza
'Ekografiak'

Portugalgo memoriak

2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goya sarien atarian, hiru izendapen jaso dituen eta Filminen ikusgai dagoen film batez idatzi nahi dizut gaur. Batzuetan, bizitzarekin konformatu behar dugula sentitzera irits gaitezke; gure egunerokotasunera ohitu, haizeak nora eramango gaituen galdetu ere egin gabe. Errutinaren inertziak itsututa bizi gara sarri, benetako etxea non dagoen jakin gabe; gorputzak bidaltzen dizkigun seinaleei entzungor eginez, buruaren erritmo bizkor eta zorrotzari men eginda.

Una quinta portuguesa filmak, ordea, errealitate horri eutsita bestelako irudi bat marrazten digu: ustekabeko gertaerek bide zaharrak ixtera eta berriak irekitzera eraman gaitzaketela. Batzuetan nahikoa dela gelditzea, arnasa hartzea eta inguruko gauza xumeei erreparatzea; geure burua entzun eta ulertzen saiatzea. Eta, batez ere, aukera berriei atea irekitzea, beldurra albo batera utzita.

Avelina Pratek zuzendua, eta Manolo Solo eta Maria de Medeiros protagonista dituen lana, doluari eta berrasmatzeari buruzko drama psikologikoa da. Emaztearen desagerpenak erabat hondoratuta uzten du Fernando, geografiako irakasle lasaia; norabiderik gabe eta hutsuneak jota. Egoera horrek ustekabeko erabaki bat hartzera eramango du: hildako lorezain baten nortasuna ordezkatuz, Portugalgo landa-eremuko quinta batean lan egitera.

Berea ez den bizitza batean murgilduta, Fernandok berriro hasteko aukera baten aurrean aurkituko du bere burua. Quinta horretako jabearekin harreman berezi eta enigmatikoa sortuko du, eta adiskidetasun horrek zentzua eta arnasa emango dizkio apurka-apurka, bere zauriak beste begirada batetik ikusteko aukera eskainiz.

Ohiko istorioen inertziari jarraituta, pentsa liteke harreman erromantiko baten eraikuntzan zentratutako filma dela. Nik neuk ere hala uste nuen, bai kartela ikusita, bai kontakizunak aurrera egin ahala. Eta, hain justu, horretan datza filmaren joko interesgarrietako bat: gure aurreiritziak agerian uztea, erakustea gu ere zein erraz erortzen garen bide ezagunetan.

Filma, ordea, harago doa. Humanista da; laguntasunaz, bakoitzaren historiaren pisuaz eta etxea zer den, eta non dagoen, galdezka aritzen dena. Geure buruari non amaituko dugun pentsatzera eramaten gaituen horietakoa da, mundua handiegia baita ezagutu gabe alde egiteko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA