gaizka izagirre
Ekografiak

Presidentearen tarta

2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errealitate gogorretan sustraitutako filmak dira Buda az sharm foru rikht (2007) edota Turtles Can Fly (2004), baina, haurren ikuspegitik kontatzen direnez, haien gainean samurtasun laino arin bat zabaltzen da, gogortasunaren erdian arnasgune bihurtzen dena. Pelikula horiek amaierara heltzen direnean, ordea, samurtasun hori itzali egiten da, eta kolpe bortitz eta hunkigarri bihurtzen dira.

Gaur bertan plataformetara iritsi den Mamlaket Al-Qasab film irakiarra multzo horretan sar daiteke —Movistar Plusen eta Filminen ikus daiteke—. Komedia eta drama nahasten ditu; naturalismoaren zuztarretatik abiatu eta fabularen lurraldean barna ibiltzen da. Sinplea dirudi, baina azaldu nahi duena arrunta izatetik urrun dago. Zenbait unetan, urrunetik bada ere, Kiarostamiren oihartzunak sumatzen dira.

Lamia izeneko 9 urteko neska baten begiradatik kontatuta dago, eta Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotzen da, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, eta gosea nagusi da herrialde osoan. Eskolan antolatutako zozketa batean, Lamiari tarta bat eramatea egokitzen zaio; baina ez du ez osagairik, ezta dirurik ere. Hala ere, tarta derrigorrez eraman behar du; bestela, ondorio latzei aurre egin beharko die.

Narrazioaren ardatza osagaien bilketa da; bilaketa hori aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatzen da eta ikuslea, kale estuetan, errepide hautsietan eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtzen da. Filmak erakusten du nola erregimen totalitarioak eguneroko bizitza eta eskola bere mende hartzen dituen, eta nola behartzen dituen haur txikiak obedientzia politikoko erritual zentzugabeetan parte hartzera.

Paisaien eta giroaren indar bisualak, elementu sinbolikoen presentziak (argazkiak, ikurrak) eta alderdi emozionalek (familia harremanak, beldurra, itxaropena) ehuntzen duten oreka harrigarriro eraginkorra da.

Argazkilaritzaren lana eta girotzea nabarmenak dira: irudiek naturaltasuna bilatzen dute, baina egunerokotasun xumeenetik abiatuta atmosfera zapaltzaile eta estu bat eraikitzen dute, bereziki hasieran eta amaieran.

Istorio xumea eta sinplea dirudiena duintasunaren eta eguneroko erresistentziaren metafora indartsu bihurtzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE