Kaixo, irakurle; gaurkoan buruhauste handiak sortzen dizkidan telesail batez hitz egin nahi dizut. Ez dakit sareetan ohartu zaren, baina generazio oso bat erotzen ari da The Summer I Turned Pretty-rekin —izenburuak berak nahikoa dio jada—. Bi anaiaren arteko amodio borrokak jendea zoraturik dauka, eta okerrena? Inoiz gomendatuko ez nukeen telesaila izanik, ni neu ere tranpan erori naizela.
Jenny Han idazlearen trilogian oinarrituta, telesailak Isabel Belly Conklinen uda kontatzen du, Cousins izeneko kostaldeko herrian, bere anaia Steven eta Fisher anaiak —Conrad eta Jeremiah— ondoan dituela. Haurrak zirenetik oporrak elkarrekin igaro dituzte, baina Bellyk 16 urte betetzen dituenean dena aldatu egiten da: triangelu erromantiko klasikoa osatzen duen drama amaigabea hasten da.
Arrakastaren giltza, ordea, ez dago soilik istorioan. Nostalgia ere bada: millennial belaunaldia hazi zuten Twilight, The O.C. edo Gossip Girl telesailen ereduak berpizten ditu, eta horregatik, 25 urtetik gorako milaka ikusle harrapatu ditu. Sareetan fenomeno hutsa bihurtu da: TikTok-en teoriaz beteriko bideoak, Redditen hari amaigabeak, eta Amazonek berak aktoreak babestera irten behar izan du zaleen gehiegizko pasioaren aurrean. Amazon Primeren azken denboraldiko azken atala besterik ez da geratzen, eta Internet dagoeneko sutan dago. Gainera, musika bandak ere badu bere pisua fenomeno honetan: Taylor Swiften 30 kantu inguru agertu dira dagoeneko, Olivia Rodrigo edo Phoebe Bridgers bezalako ahotsekin batera. Horrek guztiak istorioaren dramatismoa areagotzen du, eta ikustaldia esperientzia emozional kolektibo bihurtu du.
Baina zer ospatzen ari gara? Zergatik sinesten dugu pertsonaien balioa bata edo beste aukeratzean dagoela? Eta, batez ere, noiztik? Belly «kanon estetikoen barruan» agertu zenetik? 16 urte egin zituenetik? Lagun batek ironiaz eman zidan titularra hau kontatu nionean: «Kapitalismoa dibertigarria da». XXI. mendean halako mezuak iradokitzen dituen telesail batekin zoratu gara, eta badirudi ezer ez dugula ikasi. Eta bai, autokritika egin beharra dut: sermoi kritikoa botatzen dudan bitartean, nire burua anai baten edo besteren alde kokatzen da. Hori bai dela pretty kontraesana.