Ongi pasatzen dut lantzean behin efemerideak irakurtzen, eta gaurkoan, —beste behin— dugun adina agerian uzten duen batekin egin dut topo: 20 urte beteko dira aurten Prison Break telesaila estreinatu zenetik.
2005. urtea zen eta garai hartan telesailak beste modu batera kontsumitu eta ikusten genituen. Plataforma digitalak ez zeuden geure egunerokoan txertatuak, eta eduki hauek ikusteko modu bakarra telebista tradizionalaren edota sareetako esteka ezkutuetan —begi keinua— bidez izaten zen.
Pantaila txikiaren alorrean urte emankorra izan zen: How I Met Your Mother, The Office, Weeds, My Name Is Earl, Supernatural edota Criminal Minds esaterako garai hartan estreinatu ziren. Euskal Herrian, Goenkale zegoen, jakina, Martin-en hirugarren denboraldia eta, urte hartan iritsi ez zen arren, Balbemendi-ren (2006) estreinaldiaren atarian geunden.
Izenburu horien guztien gainetik ordea, ikusle askorentzat, adikzio hutsa bilakatu zen telesaila Prison Break izan zen. Michael Scofield, Lincoln Burrows, Sucre, Sara Tancredi eta konpainiaren izenak garunean iltzaturik geratu ziren betiko. Bost denboraldi, 90 kapitulu, film bat eta sekuela bat dituen arren, lehen denboraldia da gomendatzen dudan bakarra, bigarrenetik aurrera sinesgarritasun, koherentzia eta zentzu guztia galduz joan baitzen apurka-apurka, ia komedia inboluntario bihurtu arte.
Premisa bera nahiko zoroa eta zentzugabea den arren, lehen zatiak ezin hobeto funtzionatzen du kartzelako drama frenetiko eta oso entretenigarri moduan. Michael Scofield da telesailaren protagonista nagusia, plan korapilatsu bat burutu nahi duen gaztea: Fox River izeneko segurtasun goreneko kartzela batean sartu eta Lincoln Burrows anaia erreskatatu nahi du, horretarako espetxetik ihes egin ahal izateko plano eta dokumentu guztien tatuajez josi du gorputz osoa.
Izenburu historikoa da, eta zalantzarik ez dago arrastoa utzi duela, baina egia da 20 urteren ostean ez dela bereziki ongi zahartu. Bigarren denboraldik aurrerako ekintzak, pertsonaien garapenak eta istorioa oro har zentzugabe samarrak dira, pentsa, gainera, gaur egungo begietatik nola ikusten den. Zer esanik ez genero ikuspegiari dagokionez; galde diezaiotela bestela Sara Tancredi eta gainerako emakumeei.