gorka julio
IRLEN SAREA

'Project Loon' eta 'Internet.org'

2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Internet mundu guztia konektatzera iritsi dela diogunean gezurretan ari gara. 3.100.000.000 pertsona ingurura iristen da konektibitatea; biztanleriaren %43 inguru, beraz. Beste arlo batzuetan bezala, pobretutako herrialdeetan ematen da ezberdintasun gehien.

Gauzak horrela, benetako Internet global baten ametsak hor jarraitzen du. Batzuek konektibitateak aukera berriak eta arazo asko konponduko dituela adierazten duten bitartean, beste batzuek, aldiz, merkatu berriak irekitzen laguntzeko metodo bezala ikusten dute. Hala ere, gehienak arrazoi bat edo bestea dela komunikazio teknologia honen orokortzearen alde daude.

Bide horretan zenbait ekimen sortuko dira eta ziurrenik ekimen horiek ere baldintzatuko duten etorkizuneko Internet globalago horren izaera. Bi aipatzerako Googleren Project Loon (http://google.com/loon)eta Facebook-en Internet.org (http://internet.org) proiektuak.

Lehenak estratosferan kokatutako globoen bidez eraman nahi du 4G bidez Internet leku urrunenera ere. Proiektu esperimentala bada ere, hainbat tokitan lortu dute teknologia probatzea. Globo estratosferiko horiek sare bat osatzen dute, eta bakoitzak barruan duen beste globo baten bidez —eta korronteak probestuz— beharrezko estaldura izatea lortzen ari dira. Lurrean dauden estazioekin harremanetan edota zuzenean telefono adimendun arruntekin ere jaso ahal izango dela adierazi dute. Hornitzaile ezberdinei ere teknologia alokatzea pentsatu dute.

Internet.org, aldiz, Facebook eta hainbat enpresa pribatuk orain arte Interneteko azpiegitura gutxi garatua zuten zenbait herrialdetan Internet doan eskaintzea bilatzen du. Horretarako, eguzki energia bidez mugitutako droneak erabiltzea proposatzen dute.

Internetera konektatzeko ekimenak izan daitezkeenak enpresa erraldoi hauen merkatua handitzeko estrategia argiak ere badira. Hori argi badago, ikusteko dago oraindik ekimenak interes komunerako ere ekarpenik egin dezakeen. Internet.org proiektuak alarma guztiak piztu ditu Hego Amerikan eta Indian.

Ekimen enpresarial hauek interes komunerako balioa izango dute, baldin eta Interneteko berezko izaera irekia errespetatzen badute; bereziki bere neutraltasuna mantentzeko mekanismoak ezartzen badira horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.