gaizka izagirre
'Ekografiak'

Riefenstahl

2025eko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orandik gogoan dut Triumph des Willens eta Olympia filmak lehen aldiz ikusi nituenean: zur eta lur geratu nintzen. 90 urte bete dituzten arren, euren estetika harrigarria da, baina muinean gordetzen duten egiak hotzikara eragiten du: nazien propaganda-dokumentalak dira, haien irudia goraipatzeko eginak. Odola izozten dute.

Lan horien zuzendaria Leni Riefenstahl da eta Riefenstahl dokumentala argazkilari eta zuzendari alemanaren legatu artistikoari buruzkoa da. Alemania naziko zinemagile ofiziala izan zen Riefenstahl, eta Hitlerren erregimen nazionalsozialistarekin zituen lotura konplexuak aztertzen ditu lan horrek.

Andres Veielek, filmaketa pertsonalak, gutunak, argazkiak eta grabazioak erabiliz, errukirik gabe begiratzen dio zinemagileak berak urteetan zehar eraikitako narratibari. Dokumentalak Riefenstahlek sortutako bertsioa manipulazio eta ukapen ebidentzia sendoekin kontrastatzen du. Zahartzarotik saltzen zuen diskurtsoa —artista neutrala zela, historiaren biktima— desmuntatzen duten irudiak aurrez aurre jartzen dira. Irudiak testuinguruan kokatzeko off-eko ahotsa apenas erabiltzen den; erabaki narratibo arriskutsua, baina guztiz zentzuzkoa. Emaitza erabatekoa da. Bere burua artista neutral gisa definitzen zuen, baina pantailan ikusten ditugunek kolaborazio esplizituak eta isiltasun konplizeak erakusten dituzte.

Etengabe ukaziora jotzen zuen emakume bat erretratatzen du Veielek. Bere irudia kontrolatzeko obsesioa ere agerian geratzen da —baita bere ospeaz baliatzen zela ere gerrako krimenak ukatzeko—.

Bereiz daitezke estetika eta ideologia? Bereiz ditzakegu sortzaile baten lana eta hari eusten dioten ideiak? Horiexek dira filmak planteatzen dituen galdera nagusiak. Veielek erakusten du nola Riefenstahlen estetika faxista —gorputz perfektuaren gurtza, zeremonia masiboak— ez zen estilo soil bat, baizik eta ibilgailu ideologiko bat, gaur egungo ekitaldi publikoetan oraindik ere, zoritxarrez, entzuten eta ikusten dena. Dokumentala eremu deseroso baina ezinbesteko batean barneratzen da: sorkuntza artistikoaren eta konplizitate politikoaren arteko muga lausoan.

Horregatik, Riefenstahl ez da soilik iraganeko figura baten inguruko dokumentala, baizik eta gaur egunera luzatzen den abisu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.