Steve Carellen presentziak badu oraindik ere zerbait magnetikoa. Nahikoa da haren izena entzutea askorentzat, klik bat pizteko: komedia, egoera deserosoak eta irribarre erdi lotsatiak. Zentzu horretan, Rooster telesaila aitzakia ezin hobea da Carellen jarraitzaileentzat, eta, batez ere, The Office atzean utzi ez dugunontzat.
Izan ere, zaila da haren pertsonaia berria ikustean Michael Scotten zertxobait ez antzematea. HBO Max plataformak duela gutxi estreinatu duen telesaila da Rooster. Bertan, Greg Russo (Steve Carell) sozialki traketsa den gizon bat da, ondo egin nahi duena baina askotan kontrakoa lortzen duena. Oraingoan, ordea, testuingurua bestelakoa da: unibertsitate giro batean kokatzen da istorioa, non Carellek idazle arrakastatsu baten rola hartzen duen, bere alaba krisi pertsonal betean laguntzen saiatzen den bitartean.
Trama, egia esan, ez da bereziki konplexua. Harreman pertsonalak dira ardatza: aita-alaben arteko lotura, maitasun hautsiak eta eguneroko bizitzako talkak. Horrek bihurtzen du telesaila erraz jarraitzeko modukoa, ia ahaleginik eskatzen ez duena. Eta horrek ez du zertan akats bat izan.
Rooster ez da urteko komedia handia, ezta berrikuntza formalik dakarren proposamena ere. Baina badu goxotasun puntu bat, eta ikusleari konpainia egiteko gaitasuna. Horregatik funtzionatzen du, neurri handi batean, feel good telesail gisa; arratsalde lasai batean jartzeko modukoa da, arreta guztia eskatu gabe.
Carellek, bere ohiko erregistroan, une dramatikoak eta komikoak uztartzen ditu, eta horrek ematen dio oreka narrazioari. Ez du sekulako barre algararik eragiten, baina bai irribarre konstante bat, eta hori, askotan, nahikoa izan daiteke.
Azken batean, Rooster ez da telebista aldatzera datorren lan bat, ezta ikusi dudan telesailik onena ere. Baina ez du hori bilatzen: Bill Lawrencek eta Matt Tarsesek sortutako proposamen honek asmo xumeagoa du, eta horretan asmatzen du. Haren indarra komedia hurbil batean datza, pertsonaia ezagun samarrekin (Steve Carell eta Charly Clive) eta tonu atsegin batean, ikusleari konpainia egiteko gai diren horietakoa baita. Eta, batzuetan, hori da behar dugun guztia.