gaizka izagirre
'Ekografiak'

Ruth Ellis

2025eko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau atal baino ez dituen arren, A Cruel Love: The Ruth Ellis Story telesail laburrak gai sakon eta garrantzitsuak jorratzen ditu: misoginia estrukturala, etxeko indarkeriaren normalizazioa, justizia klasista eta patriarkala, eta osasun mentala, besteak beste. Ruth Ellisen benetako istorio sinestezin eta mingarrian oinarritzen da; Erresuma Batuan urkatu zuten azken pertsona izan zen. Filminen daukazue ikusgai.

1955ean girotua dago lana: Ellisek, 28 urte zituela, ospea lortu zuen Londresko kluben munduan, hiriburuko kudeatzaile gazteena bihurtuta. Hala ere, arrakasta horrek ez zuen luze iraun: David Blakely lasterketa pilotuarekin harreman toxiko eta bortitza hasi zuen. Ruth auzipetu egin zuten Blakelyren hilketagatik, eta heriotza zigorra ezarri zioten.

Lee Haven Jonesen zuzendaritza zehaztasunagatik eta sentsibilitateagatik nabarmentzen da. Haren ikuspegia introspektiboa da, ez sentsazionalista, eta hori argi islatzen da kamerak Ruth Ellisengana hurbiltzeko duen moduan: ez da epaitzeko, baizik eta ikuslea gonbidatzeko bere buruari galdetzera nor zen benetan emakume hura.

Eszenaratzea sinplea da, baina elegantea. Espazio bakoitza estetika soil eta dotorez irudikatuta dago, eta dekoratuek eta arte zuzendaritzaren lanak xehetasun handiz berreraikitzen dute 1950eko hamarkadako Londres, garai hartan girotutako ekoizpen batzuetan ohikoak diren karikatura horiek edo gehiegizko estilizaziorik gabe.

Telesailak hiru denbora lerro nagusiren artean txandakatzen du kontakizuna: krimenaren unea, epaiketa eta Ruthen bizitzako flashbackak. Baliabide narratibo horrek helburu argia du: protagonistaren erretratu emozional eta psikologikoa eraikitzea. Estruktura zentzuz landua dago, baina zatiketa horiek Ruthen aldeko lotura emozionala zailtzen du, eta erritmo dramatikoa zertxobait diluitu. Istorioa oso boteretsua da, baina erabilitako tonua melodramatikoegia iruditu zait, eta zenbait ekintza gehiegi azpimarratzen dira, sotiltasunik gabe.

Ruth Ellis ez da heroi gisa aurkezten, ezta munstro gisa ere, baizik eta itxaropen sozialen, tratatu gabeko traumen eta harreman suntsitzaileen sare batean harrapatutako emakume gisa. Telesailak ez du sermoirik jaurtitzen, baina salaketa garbi eta sotila egiten du, eta horrek indar politiko eta emozional nabarmena ematen dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.