KRITIKA. 'SUPERESTAR' TELESAILA
- Zuzendaria. Nacho Vigalondo eta Claudia Costafreda.
- Aktoreak. Ingrid Garcia-Johnson, Secun de la Rosa, Carlos Areces, Julian Villagran, Natalia de Molina, Pepon Nieto eta Rocio Ibañez.
- Ekoizleak. Javier Calvo eta Javier Ambrossi.
- Atalak. 6.
- Non ikusi. Netflix.
Barkamenak, hasteko eta behin, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikus-entzuleei, datozen lerroetan agertuko diren pertsonaiak erabat arrotzak egingo zaizkielako. Bolada jakin batean Espainiako telebista kateetan agertu ziren pertsonaiak dira. Kontua da haien jardun telebisiboak sekulako oihartzuna izan zuela Hego Euskal Herrian: Crónicas marcianas Tele5 kateko saioak bere azkeneko denboraldian, 2004-2005ean, batez beste %37,9ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Duela bi hamarkada, aro bat. Gauak bestelakoak zirenekoa.
2000. urtea zen. Santurtziko (Bizkaia) emakume batek platoak eta kanta zerrendak hankaz gora jarri zituen No cambié izeneko kantarekin. Maria del Mar Cuena Seisdedos zen haren izena, eta Tamara, ezizen artistikoa. Tamarismoa iritsi zen, kantari haren bueltan plato batetik bestera ibili ziren pertsonaiekin. Asmakizunak, muntaketak, hala moduzko abestiak... eta poltsikoak diruz betetzen zituzten, bai pertsonaiek, baita telebista kate pribatuek ere. Sasoi haren inguruko telesail jostalari irudimentsu bat sortu du Nacho Vigalondo zinemagileak —Claudia Costafredarekin batera zuzendu du—. Superestar jenialtasunez betetako fikziozko lan bat da, benetako pertsonaia bereziz betea, eta aktoreen interpretazioa miresgarria da.
Sei atalez osatuta dago telesaila. Aurrenekoa, Tamararen ama Margarita Seisdedosen begietatik, Santurtzin (Bizkaia) abiatzen da —momentutxo batean euskara entzuten da—. Alaba haur baten moduan ikusten du amak, eta horrek badu zerikusia gizarte garaikidearekin. Ama askok ikusten baitute beren alaba edo semea ume, nahiz eta dagoeneko urte mordoa izan. Muturreraino babeste nahi horrek badu zerbait beldurgarria.
Leonardo Dantes da bigarren ataleko pertsonaia. No cambié kantaren konpositorea. Platoetara zapiaren dantza deskribaezina eramaten zuena. Artista hutsa; poeta.
Hirugarrenean, Loly Alvarez eta Arlekin dira pertsonaiak. Aurrenekoak esaten zuen harena zela No cambié, eta bigarrenak askotariko kalapitak izaten zituen Tamararekin eta haren amarekin. Tamararen amak adreilu bat eramaten omen zuen poltsan, Arlekini edo alabaren aurka egiten zutenei kolpeka erantzuteko.
Paco Porras da laugarren ataleko protagonista. Etorkizuna barazkietan ikusten zuen pertsonaia. Telesailean, sadomasokismoaren zaletzat agertzen da, eta horren bueltako eszenak ez dira nolanahikoak. Umorea ez da faltako.
Bosgarren atalean, Tony Genil ageri da. Michael Jacksoni behin makarroiak prestatu omen zizkiona. Hara non, Albert Pla handia Michael Jacksonena egiten telesaileko momenturik zirraragarrienetako batean.
Eta azken atala Maria del Mar Cuena Seisdedosen balada da. Santurtzira buelta. Madrilera ospe bila joan ez den emakume lotsati bat ageri da. Ispilu joko bat asmatzen du Vigalondok, bi pertsonaiarekin: Madrilen ospetsu bihurtu zen kantaria eta Santurtziko errutinan gelditu zen Margarita Seisdedosen alaba. Funtzionatzen du baladak, kasik pelikula biribil moduko bat da atala.

Bizkaiko maparen koadroa kentzen du amaren etxetik Tamarak, nahiz izan zitekeen telesail honetan Badajoz (Espainia) ere.
Aktoreen lana, sekulakoa
Vigalondok ez du garai baten erretratu hotza egin. Eman dio kolorea, fantasia eta pizgarria —Tamarari babesa eta miresmena azaldu zion LGTBI kolektiboaren partea Sigo siendo la misma dokumental paraleloarentzat utzi dute, ordea—.
Distira horretan, ezinbestean, aktore protagonistek egindako lana nabarmendu beharrekoa da: Ingrid Garcia-Johnson Tamararen rolean, Secun de la Rosa Leonardo Dantesena egiten, Natalia de Molina Loly Alvarezen rolean, Julian Villagran Arlekin gisa, Carlos Areces Paco Porras antzezten, Pepon Nieto Tony Genilen rolean, eta Rocio Ibañez Tamararen amaren larruan. Guztiak daude ikaragarri.
Badira telesailean ispilu joko gehiago. Tiempo de Marte izeneko saioak irudikatzen du orduko Crónicas marcianas, eta programa hartan bizi ziren benetako pasadizo batzuk oso modu dibertigarrian eraman ditu pantailara Vigalondok —Xavier Sarda aurkezlearena egiten du hark—. Joko horietan guztietan, makillaje eta irudikatze lanak ere ez dira batere makalak.
Ez du, noski, Superestar telesailak ikusleen bizitza ezertan aldatuko. Baina barre algara ugari eragiten ditu eszena batzuetan, eta hori osasungarria da oso.
Instagram eta Tiktok existitzen ez ziren garai bat zen hura, eta duela 25 urteko telebistako eduki sortzaile batzuen erretratu txukuna da fikziozko lana, jolasez betea. Aurten bertan estreinatu du Vigalondok Daniela Forever erdipurdiko filma. Grazia dezente handiagoa du telesail honek. Eta mami apur bat ere badu.