Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Sariketak

2026ko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskadi Irratiko Amarauna irratsaioan Istorio Laburren I. Lehiaketa antolatu dute. Gehienez ehun hitz izango dituen kontakizun bat bidali beharko dute lehiakideek. 18 urtetik gorako edonork aurkeztu ahal ditu lanak, betiere idazle profesionala ez bada, eta entzuleek zeresan handia izango dute lanik onena aukeratzeko orduan. Izan ere, aurretik epaimahai adituak hautaturiko lanak irakurriko dituzte esatariek, eta horien artean lehenengo hirurak bozkatu beharko dituzte saioaren jarraitzaileek. Apirilean zehar bidali daitezke lanak, eta ekainean, ikasturte-amaieran, izango da finala.

Lehiaketaren berri izan bezain pronto, duela hamabost urte kate publikoak lehenengo aldiz antolatu zuen Maite Dut Irratia sariketaz oroitu naiz. Lehenengo edizio horri beste hiruk jarraitu zioten nik dakidala, baina azkenekoan, parte-hartzaileek, idatzizko kontakizuna aurkeztu beharrean, audio laburra grabatu behar zuten. Saria bidaia bat zen, baita istorioa arratsaldero aditzen zituzten esatarien ahotan entzutea ere. Horietako batzuk entzungai daude Interneten, baita 2013ko irabazleari egindako elkarrizketa ere. Horretan, garaileak, neska gazte batek, aitortzen zuen lehiaketak lortu zuela irratiarekiko zaletasuna piztea. Eta hori da, hain zuzen ere, irrati-lehiaketen lorpen handiena, entzulearen atxikimendua. 

Ez dira milioika euroko sariak banatu behar; bidaiak, ikuskizun baterako sarrerak (esaterako, Realaren finala ikusteko), liburuak edo irabazle izatearen harrotasuna donari nahikoak dira. Nik ondo gogoratzen dut nola, niretzat eredugarria zen Lauretan babel saioan, harrapatuta ninduen asmatu beharreko istorioak, egunez egun luzatzen zena, norbaitek gertatutakoa asmatu arte. Auto barruan aditzen nuen, semeen bila nindoala, eta amorratzen nintzen igarotakoa jakin barik geratzen nintzenean, astean zehar jarraitu eta gero.

Irratian ere sortu ziren gaur telebistetan garatu diren talentuen sariketak, eta hor aurkitu ziren gerora oso ezagunak izan ziren abeslariak, esaterako. Gurean, besteak beste, Hala Bediko Bertxoko-n bertsolari-bikote onenak bilatzen ziren, Donostia Kulturak irrati-kontakizun onenak saritzea bilatzen du, eta Tabakaleran, berriz, Audiogile Berriak aurkitu nahi dituzte, eta hortik sortu dira Guauk eskaintzen dituen fikzio batzuk. Azken finean, adimenak edozein euskarri erabili ahal du istorioak sortzeko, baita irratia ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA