gaizka izagirre
'Ekografiak'

Satira antifaxista

2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsailaren 28an banatuko dira Espainiako Goya sariak. Pelikula onenaren hautagaien artean, Maspalomas eta Los Domingos gure faborito argiak diren arren, beste hiru film izendatuek ere badute beren xarma eta mamia. Zutabe honetan jada aipatu ditut Sirat eta Sorda, baina oraindik Manuel Gomez Pereiraren La Cena falta zitzaidan. Movistar Plus plataformara iritsi dela aprobetxatuz, gaurko zutabean helduko diot.

Filma 1939ko apirilaren 15ean girotua dago, Madrilen. 36ko gerra amaitu eta bi astera. Medina tenientea Palace hotelean agertzen da ustekabeko berriarekin: Franco eta haren jeneral guztiak gau hartan afaltzera joango dira. Alabaina, ez dakite afaria sukaldari errepublikano batzuek prestatuko dutela, eta sukaldariok ikusiko dute huraxe dutela herrialdetik ihes egiteko azken aukera.

Hori da La cena pelikularen premisa eta kutsu ia teatrala hartuz ikuslea ez da hotel horretatik ia ateratzen: ekintza espazio batean eta egun bakar batean gertatzen da. Hala ere, foku narratiboa ez dago ez Francorengan ez haren gertukoengan, baizik eta haientzat janaria prestatzera behartutako preso errepublikanoengan. Umiliatuak izan arren, adimena, umore sena eta gizatasuna gordetzen dituzten pertsonaiak dira. Aktore guztien lana aipagarria da, bereziki Alberto San Juanena, don Víctorren rola sotiltasun, umore eta ñabardura handiz gorpuzten baitu.

Kamera arintasunez mugitzen da areto argitsuetatik sukalde ilunetara, pertsonaien arteko hierarkia soziala zehaztasunez islatuz. Arte zuzendaritzak eta jantziek oparotasun frankista xehetasun handiz birsortzen dute, garaituen prekaritatearen aurrean kontraste nabarmena sortuta.

Tonuari dagokionez, filmak ausardiaz uztartzen ditu komedia eta tragedia, nahiz eta ez beti orekaz. Umoreak, testuingurua hutsaldu beharrean, defentsa mekanismo gisa funtzionatzen du, zapalkuntzaren aurka erresistentzia egiteko modu gisa. Hala ere, garraztasun apur bat falta zaio: egoerak lehertzeko potentzial handia zuen, baina satirak ez du askorik hozka egiten eta nahiko azalean geratzen da; irribarre konplize txikia eragitea lehenesten du.

Film onenaren alorreko bost hautagaietatik sinpleena da ziurrenik, baina Gomez Pereirak satira antifaxista, dibertigarria eta entretenigarria osatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA