gaizka izagirre
'Ekografiak'

Sekretu lurperatuak

2026ko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz iritsi zen Paradise telesaila Disney Plus plataformara. Lehen denboraldiak zeresan handia eman zuen sare sozialetan, batez ere bertan agertzen diren gidoi-aldaketa edo plot twist harrigarriengatik. Plot twist deritzo istorio edo narrazio batean ustekabean gertatzen den aldaketari, argumentuaren norabidea modu erradikal eta harrigarrian aldatzen duenari. Batzuetan amaieran pilatzen dira, baina sarri narrazioan zehar ere tartekatzen dira, beste baliabide narratibo batzuekin nahasian.

Baliabide hori istorio batean txertatzea, berez, ez da zaila; benetan eraginkorra izateko, ordea, aurretik kontatutakoarekin koherentea izan behar du, eta aldi berean ikuslea harritu eta kontakizunaren esanahia birkokatu beharko luke. Bestela, trikimailu huts bihurtzeko arriskua dago, eta horrek ikuslearen esperientzia hondatu eta tramari balioa ken diezaioke. Baliabide hori modu adimentsuan erabili duten lanen artean aipa daitezke, besteak beste, Sugar, Twin Peaks, The OA, Severance, Dark eta, bereziki, Lost.

Plot twist-ak alde batera utziz berriki estreinatu den Paradise telesailaren bigarren denboraldiari heldu nahiko nioke. Suspensea eta misterioa uztartzen dituen telesail hori This Is Us arrakastatsuaren sortzailearen ekoizpena da. Munduko pertsona adimentsu eta ospetsuenetako batzuk bizi diren komunitate utopiko batean kokatzen du ikuslea. Inguru idiliko horren itxurazko lasaitasuna eten egingo da, sakon lurperatutako sekretuak argitara aterako dituen hilketa bat gertatzen denean. Hori da hasierako premisak iradokitzen duen abiapuntua; baina lehen atalaren amaieran deskubrituko dugun —eta hemen agerian utziko ez dudan— elementu batek guztia irauliko du, bai istorioan bertan, bai ikusle gisa dugun pertzepzioan.

Atal berrietan zientzia-fikzioaren eta melodramaren arteko oreka mantentzen da, eta mendekotasuna sortzen duen telesail gomendagarria izaten jarraitzen du. Hori bai, bere indargune eta ahulgune nagusiak ere hor diraute. Oso entretenigarria da, misterioaren eta konspirazioen arteko jokoak bikain funtzionatzen du, baina gidoiak zenbait hari solte uzten ditu, behar adinako justifikaziorik gabe. Emozioari eta inpaktuari lehentasuna ematen dio, batzuetan koherentziaren kaltetan bada ere.

Oso gomendagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!