Ameriketako Estatu Batuak hunkitu zituen bahiketa baten istorioa kontatzen duen dokumental bat estreinatu berri da Netflixen, urtarrilaren 21ean: Kidnapped: Elizabeth Smart. Testigantza berriak biltzen ditu, eta orain arte ezezagunak ziren zenbait xehetasun, ikerketaren ingurukoak. Egia esan, gizartean gertatzen diren zenbait gauza harrigarriak dira, askotan pentsaezinak, eta oso-oso deserosoak. Hau horietako bat da, baina lanak badu beste dokumentaletatik bereizten duen ezaugarri argi bat.
Elizabeth Smart, AEBetako bahiketa baten bizirauleen artean ezagunenetakoak, bere bizitzako kapitulu ilunenetako bat berriro azaleratzen du dokumental honetan. 14 urte zituela bahitu zuten, bere logelan bertan; fundamentalista mormoi batek hain zuzen, pedofilia justifikatzeko erlijioa diskurtso gisa erabiltzen duten horietako batek.
Narratiban bada asmatze handi bat: hasieran senideen, poliziaren eta auzian inplikatutako beste eragile batzuen testigantzak jasotzen dira, eta, ondoren, arreta biktimaren kontakizunean jartzen da erabat, Elizabeth Smarten beraren ahotsean. Brian David Mitchell eta Wanda Barzee bahitzaileen eskuetan egon zenekoa kontatzen du: bederatzi hilabetez, Salt Lake City inguruko mendietan ezkutatuta egon zen, abusuak behin eta berriro jasanez, bahitzaileak sinetsita zeudela Jainkoak zazpi neska gazte bahitzeko agindua emana ziela.
Pieza entretenigarria eta hunkigarria da, eta, aldi berean, protagonistaren ausardiaren eta ondoren haurren aurkako abusuen kontra eta bahiketen beste biktimen alde egindako lan nekaezinaren lekukotza ematen du.
Dokumentala ikusten ari nintzela, duela gutxi ikusitako beste lan bat etorri zitzaidan burura: Evil Influencer: The Jodi Hildebrand Story. Hark ere mormoi fundamentalista baten istorioa du ardatz; haurren aurkako tratu txarrengatik atxilotu zuten terapeuta baten kasua, hain zuzen. Bi dokumentalek argi erakusten dute diskurtso moral edo erlijiosoen atzean ezkutatzen diren manipulazioek nola eraman ditzaketen zenbait egoera muturreko indarkeriaraino. Ikusteko gogorrak dira, bai, baina erlijioek eta muturreko sinesmenek eragin dezaketen kaltea agerian uzteko ere balio dute, gaur egun gero eta presenteago dagoen fenomeno baten isla gisa.
Â