gaizka izagirre
Ekografiak

Sinesten zaitugu

2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belgikako drama interesgarri bezain zorrotz bat iritsi da gaur bertan Filminera. Charlotte Devillers eta Arnaud Dufeys zinemagile hasiberriek sinatzen dute On vous croit. Filmak epaitegi baten barrunbe hotzetan murgiltzen gaitu, erakusteko biktimen hitza zein hauskorra izan daitekeen egitura instituzionalen pisuaren eta protokolo juridikoen zurruntasunaren aurrean.

Egun erabakigarria da Alicerentzat. Auzitegian deklaratu behar du bere bi semeen zaintza defendatzeko; aitak ere eskubide bera aldarrikatzen du. Justiziak erabaki beharko du zer den adingabeentzat onena, eta horren arabera epaia eman. Horretarako, ezinbestekoa da alde guztiak entzutea eta ikuspuntu bakoitza kontuan hartzea. Baina nola bereizi egia eta gezurra, bi aldeek irmo baldin badiote seme-alaben ongizatea dutela helburu? Epaitegia tentsio emozionala pilatzen den espazio itogarri bihurtzen da.

Filmak audientziaren erdigunean kokatzen du ikuslea, eta protagonistekin ia arnasa partekatzera behartu. Alicerekin batera, eszena hunkigarri zein tirabiratsuek eskaintzen dituzten ikuspegi eta emozio anitzak biziko ditu, aktore guztien interpretazio sendoek transmititzen duten benetakotasun, indar eta sentiberatasunari esker.

Ia antzerkiaren kutsua duen eszenaratze biluzi baten aurrean gaude, baina bere sinpletasunean oso indartsua da. Kamera aurpegien gainean itsasten da, begiraden dardara txikiena ere gal ez dadin; hor agertzen dira beldurra, zalantza eta nekea, epaiketa baten zama ikusezina ikuslearen gorputzean bertan sartzeraino. Isiltasunek ere pisua dute hemen, etenaldi txiki bakoitzak esan gabeko guztia agerian uzten du.

Hasieratik arnasten da errealismoa. Galdetzaileen lehen planoek markatzen dute erritmoa, eta askotan beste aldearen off-eko ahotsa soilik entzuten da. Baliabide horrek aurpegien mapa intimo batera eramaten gaitu, eta keinu bakoitza irakurtzera behartu, egia non ezkutatzen den ulertu nahian.

Charlotte Devillersen eta Arnaud Dufeysen lehenengo filma dela kontuan izanik, harrigarria da pelikulak erakusten duen heldutasuna, bai narratiban bai erritmoaren kontrolean. 78 minutuan, trinkotasunez eta zehaztasunez ehundutako esperientzia bat eskaintzen du, tentsioa etengabe mantenduz eta ikuslea etengabeko zalantzan murgilduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA