gaizka izagirre
'Ekografiak'

Sofia Falcone eta Pinguinoa

2024ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

The Dark Knight saga entzutetsuarekin batera, saguzar famatuari buruz egin den filmik interesgarriena eta sendoena Matt Reevesek 2022an zuzendu zuen The Batman iruditzen zait. Protagonistaren rola Robert Pattinsonek jokatzen du. Tonua eta erritmoa deigarriak dira oso; izan ere, gertuago dago Seven eta Zodiac filmetatik, superheroien inguruko beste edozein proposamenetatik baino.

Bada, irailean The Penguin telesaila iritsi zen, film horretako gertakariak amaitu eta astebetera girotua; Batmanen etsai mitikoari buruzkoa da: Oswald Cobblepot —Pinguinoa ezizenez—, Colin Farrellek maisuki antzeztua.

Begirada guztiak pertsonaia horretan jarriak dauden arren, ezustekorik handiena Cristin Milioti aktorearekin hartu dut; Sofia Falconeren rola jokatu du, eta lan paregabea egin; haren pertsonaia mamitsua eta oso interesgarria da. Aurretik Palm Springs, The Resort eta Made for Love ekoizpenetan ikusi dugu aktore hori, baina bereziki Tracy McConnellen rola jokatzeagatik hartu diogu kariñoa: How I Met Your Mother telesaileko ama.

Astero atal bat eman ondoren, orain egun batzuk zortzigarrena eta azkena ikusteko aukera izan dugu; hasieran zalantzak eragiten zizkidan arren, asko gozatu dut, eta itxiera nabarmena iruditu zait. Pertsonaien garapenean eta tramaren angelu guztietan behar bezala sakontzeko erritmo nahiko geldoa erabiltzen da hasieran; ikusle batzuk uxatuko dituen arren, guztiz egokia eta logikoa da hautu hori, ezinbestekoa unibertso berezi honetan behar bezala murgiltzeko.

Cobblepotek hiriaren barruan izandako bilakaera aztertuko du telesailak, eta bere inperioa nola eraikitzen duen erakutsi. The Batman-en neo-noir estetikak eta estilo bisualak bere hartan dirau, baina hemen ikuspegia kaletarragoa da, gordinagoa. Tonu ilunek, hiri eszenatokiek eta argiztapenek arrisku eta dekadentzia giroa indartzen dute. Atmosfera xurgatzailea da, eta oso itogarria, ikusleak pertsonaien hatsa eta hiriaren estoldetako kiratsa arnasten ari dela sentitzeraino.

Hau ez da superheroien inguruko istorio klasikoa, antiheroi batean zentratutako kontakizuna baizik: boterea, traizioa, mendekua, aliantza aldakorrak... Gehiago du tragedia klasikotik edo gangsterren eta mafiaren munduan girotutako istorioetatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.