Audiogile Berriak fikzio-podcastak ekoizteko lehiaketaren deialdi berria abian jarri dute Tabakalerak eta EITBk. Hirugarren aldian, lanak urtarrilaren 10era arte aurkez daitezke, eta horietatik gehienez hiru aukeratuko ditu epaimahaiak. Horien egileek 2.000 euroko sormen-beka bat izango dute, adituen laguntzarekin gidoia garatzeko. Azkenean, horietako bat, irabazlea, ekoitziko da, eta Guaun entzungai jarri ere bai.
Hori da, adibidez, Xabin Fernadezen Zure ilunetan podcastak egin duen bidea; estreinatu berri dute EITBren audio plataforman, eta dagoeneko osatzen duten bost ataletako hiru entzungai daude. Atotxa dorrearen antza duen eraikin bateko igogailuan itxirik geratu dira hiru ezezagun. Hori, berez, amesgaiztoa izan baliteke ere, kontakizunean ekintza beldurgarriak gertatzen hasten dira. Paraleloki, pertsonaia azpikari baten bakarrizketaren bidez istorioa ulertzeko gakoa izan daitekeen kontakizunaren berri jakiten dugu, non familia-gatazkak agerian geratzen diren, eta arriskutsua bezain erakargarria izan daitekeen aurkikuntza zientifiko baten berri ere badugun, denaren jatorrian egon daitekeena.Â
Bi atal barru jakingo dugu zer gertatu den, hirugarrenean korapilo batzuk askatzen hasi badira ere (edo hori uste dut, auskalo gero ezustekoren bat dudan). Kostatu zait bilbeak harrapatzea, baina lortu dut. Soinu inguratzaile deituriko teknikaren bidez ekintzaren eszenatokia eraikitzen du; beraz, aurikularrekin entzutea gomendatzen dut, zehaztapenak ez galtzeko. Bestalde, oso ezagunak zaizkigun aktoreen mintzoan esandako elkarrizketek oro har istorioaren hariari jarraitzen laguntzen dute, une jakin batzuetan informazio gehiegi ematen dutela iruditu bazait ere.
Aurreko aldian garaile izan zen Xabi Paiaren De Rigor Mortis eta Garazi Urkolaren eta Hodei Arrastoaren Enkantea soinu-fikzio finalistak ere entzun daitezke Guaun, baita Radio Vitoriak antolatzen zuen Carlos Perez Uralde irrati-antzerkirako gidoien lehiaketaren historian garaile izan diren irrati-nobelak ere. Era berean, Eden soinu-fikzioaren hirugarren eta azken denboraldia aurkeztu dute Durangoko Azokan, eta aste batzuk lehenago, berriz, Holobiontea-rena.Â
Aurrekontu handiko ekoizpenak izanik, arrakasta ez da beti entzuleen kopuruan neurtzen. Izugarri gustatuko litzaidake horrelako sormen-kutxa bat unibertsitatean sortzea; sortzaileak baditugu, asko.