Sara Azurza
Ekografiak

Sua

2026ko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astearteko San Joan bezperan bezala, film honek ere suaren inguruan dantza egiten duten pertsonak erakusten ditu eszena batean. Baina kasu honetan, sua ez da ospakizunerako aitzakia, ezta gau magiko baten sinbolo ere. Jende gutxiz inguratuta, eta zu bezain pozik ez dauden pertsonak dira haren inguruan mugitzen direnak. Urchin filmaz ari naiz: Filmin plataforman ikus daiteke.

Harris Dickinson aktorearen —Triangle of Sadness eta Babygirl filmetan ikusi dugu— lehen film luzea da zuzendari gisa, eta emaitza benetan interesgarria iruditu zait. Istorioak Mikeri jarraitzen dio, Londresko kalean bizi den gazte bati. Delinkuentziaren eta kartzelaren ondoren, bere bizitza berreraikitzen saiatuko da. Lana aurkitu, etxebizitza bat lortu eta iraganetik ihes egin. Baina filmak ez du bide errazik marrazten. Kontran, bazterkeriaren, mendekotasunen eta zauri emozionalen zirkuluan harrapatuta dagoen pertsona baten erretratua egiten du.

Film gogorra da, baina ez sufrimendua erakuste hutsagatik. Gogorra da Mike bezalako pertsona bati gertatzen zaiona ulertzera behartzen gaituelako, nahiz eta askotan haren erabakiak ulergaitzak edo are frustragarriak izan. Hor dago, nire ustez, filmaren indarguneetako bat. Protagonista ez da ikuslearen enpatia erraz bilatzen duen pertsonaia. Une askotan arraroa, kontraesankorra eta besteengana hurbiltzeko zaila da. Horrek distantzia sortzen du, baina, aldi berean, benetakotasun handia ematen dio.

Dickinsonek, gainera, ez du pobrezia edo bazterkeria ikuslearen kontzientzia lasaitzeko erabiltzen. Horregatik funtzionatzen du hain ondo filmak, ez duelako erantzun errazik ematen.

Zuzendari gisa, Dickinsonen opera primak heldutasun handia erakusten du. Zenbait haluzinazioko pasartek edo ustekabeko erabaki narratiboek deserosotasuna sor dezakete, baina ausardia erakutsi du, dudarik gabe.

Horregatik, Urchin ez zait iruditu aktore ezagun baten zuzendaritza-lan puntual bat. Aitzitik, ahots propioa duen egile baten lehen urratsa dela iruditu zait, eta horrek arreta merezi du.

Sua beti presente dago film honetan. Baina ez berotzeko, ezta ospatzeko ere. Erretzen jarraitzen duen zauri baten moduan agertzen da; itzaltzen zaila den horietakoa. Eta, neurri batean, filmak ere antzeko arrastoa uzten du ikuslearengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA