Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Tabuak gainditu

2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira komunikabideetan aipatzen ez diren gaiak; haietaz hitz egiten ez bada existituko ez balira bezala jokatzen jarraitu ahalko bagenu bezala. Horien artean, dudarik gabe, heriotza dugu. Hilkorrak garela badakigu ere, gizarteak baztertu du biziaren amaieraren aukera. Uxatu du, eta gaztetasun amaigabean bizitzera behartzen gaitu. Horregatik, oso ausarta iruditzen zait Naiz irratiko Azken kafea podcasta; «heriotzari buruzko podcast bizia», egilearen esanetan. 

Saioaren sortzailea Urtzi Ugalde da; amaren heriotzak eragindako dolutik idatzi zuen Ama liburua, eta esango nuke esperientzia horretatik sortu zuela saioa ere. Hamaika ataletan, hainbat gonbidaturen laguntzaz ikuspuntu ezberdinetatik begiratu dio heriotzari. Mikrofonoetatik pasatu dira gurasoak agurtu dituztenak, naturaren kontrakotzat jotzen dugun seme-alaben heriotzaren prozesua bizi behar izan dutenak, maitatzen duen pertsona baten suizidioak goitik behera astindu duena, minbiziaren prozesuan senidea lagundu duena... Ez dira falta izan osasunetik bizitzaren amaierak dakarrena ongi ezagutzen dutenen testigantzak, ezta doluaren prozesua igarotzen laguntzen duten psikologoenak ere.

Hamaika gonbidatu hamar ataletan, eta borobiltzeko haien arteko galdera-katea, apirilaren zazpikoan. Solasaldi lasaiak, lagunartekoak, zainduak. Mimo handiz, galderak; zintzotasunez, erantzunak. Imajina dezaket ez direla biluzte errazak izan zenbaitetan, ez baita gustukoa zaurgarri agertzea. 

Laugarren atalean Hil Argi Elkarteko bi kidek parte hartu zuten. Kuriositateaz bultzatuta, beren webgunera jo nuen, eta bertan topatu nituen heriotzaz nola hitz egin jakiteko gida eta material pedagogikoa, baita Euskadi Irratiko Faktoria-n 2020-2021eko ikasturtean eskaini zituzten 41 irrati-atalen audioak. Horietan ere ikuspegi anitzetatik heltzen diote gaiari, eta gako batzuk ematen dira. Ez dira hain pertsonalak, eta, esaterako, heriotzarekin loturiko arlo legal edo ekonomikoak ere izan ziren hizpide.

Helduko da azken kafea, berriz errepikatuko ez den elkarrizketa edo esan gabe geratu zitzaigun maitasun-hitzarengatiko damua. Eta horietaz ere hitz egin behar dugu, inoiz desagertuko ez bagina bezala bizitzen jarraitzen badugu ere. Mila esker, Urtzi!

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA