Sara Azurza
'Ekografiak'

Tentazioen irla

2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Akerrak adarrak okerrak ditu; eta telebistak erakutsi digu adarrak beti are gehiago okertu daitezkeela. Uharte tropikal batean, eguzkiaren, jokoen, alkoholaren eta mikrofono irekien laguntzaz. Badakizu zertaz ari naizen. La Isla de las Tentaciones saioaren azken denboraldiak amaiera jo du, eta nik, denboraldi honetako noizean behingo ikusle konplize eta errudun gisa, ezin nion tentazioari eutsi: zerbait idatzi behar nuen. 

Telecinco kateko programa morboso horren bederatzigarren denboraldia, askoren ustez, orain arteko dramatikoena izan da. Aitortu behar dut ez ditudala atal guztiak ikusi, baina bai noizean behin aginteko bosgarren botoia sakatu, drama zuzenean bizitzeko. Denboraldi honetan bost bikotek parte hartu dute hasieratik: Juanpi eta Sandra, Gilbert eta Claudia, Lorenzo eta Nieves, Rodri eta Helena, eta Darío eta Almudena; azken horiek izan dira harreman luzeena zutenak, eta zer esanik gehien eman dutenak. Aurrerago, Alvaro eta Mayeli sartu ziren, eta ondoren Andrea eta Enrique. 

Formatuak bikoteak banandu eta tentazioz beteriko uharte batean uzten ditu, harremana proban jartzeko. Desleialtasunak eta emozio muturrak dira motorra, eta azken suan elkarrekin jarraitu, banandu edo beste norbaitekin alde egin erabakitzen dute. Hogeita bost saioren ondoren, azken sura iritsi dira bikoteak, eta spoiler gehiegirik gabe, gehienak bakarrik edo beste amodio batekin irten dira. 

Sare sozialetan hautsak harrotu dituen denboraldia izan da: psikologoek harremanak aztertu dituzte, memeak nonahi agertu dira, eta erreakzioak ez dira inon falta izan. Aurten, Dariok eta Almudenak eman dute zer esanik gehien; hasieran sendoa zirudien 11 urteko harremanak amaiera bortitza izan du, nola ez, Dariok bere hanka tarteko emozioei jarraitu ondoren.

Gero, lagun artean komentatzen dugu, baina askotan ez gara kontziente sortu ditzakeen erreferente arriskutsuez. Harremanak espektakulu bihurtuta, zaurgarritasuna edukiontzitan sailkatuta eta emozioa ikusle datuen menpe. Eta guk, jakinaren gainean, berriz pizten dugu telebista eta sutara beste egur puska bat bota, geureak ahaztu ahal izateko. Azken finean, badakigu errudunak ez direla beti pantailan agertzen direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.