Lide Hernando.
'Ekografiak'

Teoriak

2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Musikaren esparruan, jakina da sortzaileek idatzitako hitzek esanahi berri bat hartu ohi dutela entzuleen psikean. Berdin dio hori idatzi duenak sorreran izandako intentzioak; behin mundura irtenda —eta magia hor sortzen da—, hartzaile kolektiboak beste zentzu bat emango dio, bizitza berri bat; sarritan, sorreran zuena baino logikoagoa.

Zineman eta pantaila txikian halako gauzak ez dira hain ohikoak, baina badira ikus-entzuleek sortu eta elikatutako zenbait teoria eta zurrumurru, autoreen oniritzia jasotzen amaitu dutenak; dela eurek hasieratik pentsatutako esanahi ezkutu bat dela aitortuta, dela, berez halakorik ez izan, baina bere onurarako istorioari gehitu dizkietenak —azken hori ez dute inoiz onartuko, ordea—.

JK Rowling horren adibide garbia da. Sagako liburu eta film guztiak amaituta zeudela, eztabaida sortu zen Twitterren, Harry Potterren unibertsoan pertsonaia queerrik ez zegoela eta. Haren erantzuna, argia: «Zergatik uste duzue liburu bakar batean ere ez dela Dumbledoreren maitasun bizitzari buruz ezer aipatzen?». Suari su eman zioten hitzak izan ziren haiek, eta, hain izan zen handia ikus-entzuleek bertatik abiatutako kanpaina, ezen, azkenean, Fantastic Beasts sekuelan, gidoilariek bikote afektibo bat jarri baitzioten Dumbledore gazteari: Grindelwald gaizkilea. Hogwartseko unibertsoarekin jarraituz, dezente izan dira pertsonaia arrazialen faltaz kexu izan diren ahotsak. Horretan ere, Rowling azkar ibili zen: «Liburu bakar batean ere ez da Hermioneren arrazaren inguruko ezaugarririk aipatzen». Esan eta egin: berriki HBOk aurkeztutako Harry Potterren telesail berriko castingean, Hermioneren papera egingo duen neskatoa beltza dela iragarri zen.

Potterrenak ez dira ikus-entzuleek elikatu eta egia bilakatutako teoria bakarrak. Ridley Scotten Blade runner mitikoaren ostean, bertako protagonista Rick Deckard erreplikante bat zela zioen teoriak sekulako indarra hartu zuen; eta, hainbat hamarkadaren ostean, Scottek teoria hori baieztatu egin du. Eta Tarantinoren filmografiaz ere gauza ero asko esan dira, baina teoria batek distira berezia egiten du: bere filmetako batzuk gure unibertsoan kokatzen direla —Pulp Fiction, esaterako—; eta beste batzuk, aldiz, unibertso fantastikoago batean —Kill Bill, kasu—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.