gaizka izagirre
Ekografiak

Thrilerraren itzalean

2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Normalean, ez dut genero zinematografikorik baztertzen; ikus-entzunezkoen unibertsoko ertz guztietatik ibiltzea atsegin dut, baina, egia aitortu behar bada, akaso, thrillerra da nire kuttunena. Pantaila txikiaren eremuan, nordikoak eta britainiarrak iruditzen zaizkit bereziki interesgarriak.

Hori horrela izanik, hilabete pozgarria izan da niretzat; izan ere, azken asteotan, thrillerraren eta suspensearen zirrara darien bi telesail iritsi dira gure pantailetara. Britainia Handitik etorri dira itzalaren ertzean mugitzen diren istorio erakargarri bezain ilun horiek. Thriller generoa maite dutenentzako goxokiak dira bi telesailak.

Eskozian girotuta dagoen Dept. Q telesailarekin hasiko naiz. Carl Morck da protagonista nagusia, gertakari traumatiko baten ondorioz denbora luzean bajan egon den Edinburgoko polizia inspektorea. Lanera itzultzean, Q departamentua gidatu beharko du: argitu gabeko kasuez arduratzen den unitate berria. Istorio erakargarri batean, jariatzen duen iluntasunean eta pertsonaien garapenean, horretan guztian datza telesailaren arima. Generoaren klixeetatik askorik urruntzen ez bada ere, psikologiaz beteriko narrazioa estetika ilun eta zapaltzaile baten bitartez garatzen da une oro.

Mobland izeneko proposamena ere biziki gomendagarria da. Zuzendaritzaren atzean, Guy Ritchie-ren izena ageri da; eta kameraren aurrean, pantaila betetzen duten aurpegi ezagun eta indartsuak: Tom Hardy, Helen Mirren, Pierce Brosnan eta Paddy Considine, besteak beste. Londresen drogen trafikoa kontrolatzeko borrokan ari diren bi familiaren arteko liskarra du ardatz, harrigandarren eta stevensondarren artekoa. Argumentua ez da bereziki berritzailea eta zenbait egoera eta azpitrama sinesgarritasunaren mugan dabiltza, baina xarma berezia du: argi-itzalez josia dago, baina lehen mailako entretenimendu duinaren eredu da. Sofan eroso eseri, eta bizpahiru egunean gozamenerako bidelagun ezin hobea bihurtuko da.

Thriller britainiarrak gustuko dituztenentzat, Dept. Q eta Mobland aurtengo ezinbesteko bi izenburu iruditzen zaizkit; bien estiloa eta trataera desberdinak izanik ere, generoa ulertzeko eta gozatzeko bi ikuspegi aberasgarri eskaintzen dituzte.

Biei, badaezpada, lekutxo bat gorde beharko zaie urte amaierako onenen zerrenda luzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.