Sara Azurza
'Ekografiak'

'Los tortuga'

2025eko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaixo, irakurle; zein zoragarria den Zinemaldiko astea bizitzea, ezta? Hiri osoa zinemaz jantzita dagoen honetan, kaleetan magia berezi bat sumatzen da. Zinemaldiak gure hiria eraldatzeko gaitasuna du, eta egun hauetan dena bihurtzen da pantaila handi baten luzapena.

Aitortu behar dizuet ikusi ditudan film guztietatik, Maspalomas izan dela nire gustukoena. Moriartitarrek egindako lana hunkigarria iruditu zait: istorioak eta pertsonaiek guztiz harrapatu naute. Baina gaur ez dizuet Maspalomas-en inguruan idatziko; beste film baten inguruan hitz egingo dizuet, arreta berezia merezi duelako.

Oraingoan, Belen Funesen Los tortuga ekarri nahi dizuet. Sentsibilitatez betetako filma da, hiriaren eta landa errealitatearen artean banatzen den istorioa, dolua ere klase kontua dela erakusten duena. Izan ere, tortuga deitzen zitzaien herritik hiri handietara lan edo bizimodu hobe baten bila joaten zirenei.

Funesek 2019an egin zuen debuta Donostiako Zinemaldian, La hija de un ladrón filmarekin, eta handik gutxira Goya sarietako Zuzendari Berri Onenaren saria jaso zuen. Sei urte geroago, Los tortuga aurkeztu digu, aurten Made in Spain sailean programatuta. Bigarren lan horrek ere agerian uzten du bere talentua eta zinemarako begirada propioa.

Bihotzean, Los tortuga-k doluari buruzko istorio bat gordetzen du: Julianen heriotza nola gainditu kontatzen du. Zineman sarritan barne-prozesu huts gisa aurkezten dena Funesek modu politiko eta sozialean lantzen du: dolua, beste guztia bezala, klasearen arabera bizi da. Eta galdera nagusia horixe da: nola egin aurrera heriotzaren ondoren, etxegabetze baten mehatxua gain-gainean duzunean edo alabaren unibertsitatea ordaindu ezinik zaudenean? Horixe bizi dute Delia eta Anabel amaren eta alabaren pertsonaiek. Haien eguneroko borroka Antonia Zegersen eta Elvira Lararen antzezpen bikainetan islatzen da. Haien begiradek eta isiluneek transmititzen dute doluaren pisua, gehiegikeriarik gabe, errealismo eta sentsibilitate handiz.

Film zintzoa, sotila eta ukigarria da. Funesek argi erakusten du gai handiak —heriotza, dolua, klase desberdintasunak— errespetuz jorratzeko duen gaitasuna. Ez du lezio moralik eman nahi, ezta morboan erori ere; istorioak berak du indarra. Horregatik, bihotzez gomendatzen dizuet: ez galdu Los tortuga. Amazon Primen ere ikusgai duzue.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.