Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Transmaribollo

2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adjektiboa ez dut nik aukeratu, horrela definitzen dute beren burua Eider Sanchezek, Maider Trebiñok eta Maider eta Ion Ander Urrutiak, eta ekainean egin zuten lehenengo irratsaioan azaldu zuten izendatze horren atzean dagoen erabaki politikoa. Aretxabaletako gazteak dira eta Lohixak taldea sortu zuten 2024ko ekainaren 28an, LGTBIQ+ kolektiboko gune aske moduan. Lehenengo urteurrenean abiatu zuten bideopodcasta, eta hori ere iritzien adierazpide libre moduan ulertzen dutela argi uzten dute.

Uda bat tartean, bigarren saioa emititu dute urrian, eta itzuliko direla agindu dute agurtzean. Solasaldi freskoa da haiena, lagunartekoa, baina ez inprobisatua, mahai gaineko apuntez beteriko koadernoek agerian uzten duten bezala. Badakite zertaz ari diren, eta etengabe nik ulertzen ez ditudan erreferentziaz —eta ez soilik emakume zis heterosexuala naizelako, belaunaldien arteko arrakala badagoelako ere bai— josten dute elkarren arteko elkarrizketa. Oi gu hemen abestia hautatu dute sintoniarako, eta ez dute musika gehiago tartekatu saioan, hitz esanaren gainean 40 inguruko tartea osatuz; hala ere, erraz entzuten da. Dena den nik abestiaren bat edo beste tartekatuko nuke (eskola zaharreko irakaslea naizelako akaso).

Lohixak Goiena Taldeko podcast gelan topatuko dugu. Proiektu hori duela hilabete batzuk sortu zuten, Arrasate Irratiari beste bizialdi bat emateko asmoz, ohiko programazioari eusteaz gain, saio berritzaileak erakartzeko gogoz. Horretaz gainera, beste helburu bat zuten, komunitateari ahotsa ematea, hain zuzen ere, eta, horretarako, elkarteei ireki zizkieten udal irratiko estudioak, azpiegiturak berritu ondoren. Eta horrek bere fruituak eman ditu, agerian utzita euskarazko podcastgintzan eskaintza haziz doala. 

Esan behar dut inbidiaz begiratzen diedala iniziatiba horri, baita Bermeoko Udalak Itsuki Irratiari beste aukera bat emateari ere. Oso ezberdinak izanda, bietan mikroak herriratzeko ahaleginak egin dira. Getxo Irratia, ordea, hiltzen utzi zuten udal agintariek, eta elkarte batek baino gehiagok egin badituzte ere estudioak zabaltzeko eskaerak, egitura funtzionariala komunikazio instituzionalaren zerbitzuan jarri dute, gizarteari bizkarra emanda. Izan ere, Getxon ere badago, transmaribolloenak ez ezik beste ahots disidenteak ere mikrofonoetan entzunarazi nahi dituen elkarte sare herritar bat, eta ziur nago podcastak euskarri egokiak direla horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.