Gaurko zutabea nire lankideari eskerrak emanez hasi nahi dut, ondoren irakurriko duzun testua idazteko inspiratu nauen telesaila gomendatzeagatik. Such Brave Girls Ingalaterrako familia disfuntzional baten erretratua da; umore beltza, sarkastikoa eta deserosoa uztartzen ditu, eta dagoeneko nire telesail kuttunen zerrendan tokia egin du.
Kat Sadlerren BBCko sitcom bikain eta mingotsak ez du ikuslea nazkatu edo probokatu nahi probokatze hutsagatik. Fleabag bezalako telesailen ildotik, txiste desegokien bidez zerbait sakonagoaz hitz egitea lortzen du, eta horrexegatik da hain berezia.
Helduak izan arren oraindik etxean bizi diren Josie (Kat Sadler) eta Billie (Lizzie Davidson) ahizpen eta haien ama Deben (Louise Brealey) eguneroko kaotiko eta iluna kontatzen du telesailak. Hasieratik bertatik —bainugelako baldosen gainean ile bustiz osatutako logotik hasita— ikuslea harritu, deseroso sentiarazi eta nazkatzeko eraikia dago, baina, batez ere, barre egiteko. Elkarri etengabe egiten diote min; abortuaz, suizidioaz, depresioaz eta kontrolaz hitz egiten dute inolako filtrorik gabe, eta odola eta gorputzeko bestelako substantziak ere ez dira urrun egoten.
Telesailak mespretxu osasuntsua erakusten die modan dauden joerei eta esamoldeei. «Traumak bero jartzen gaitu», dio Josiek bere familiaz, adibidez. Azken urteotan askotan entzun dugu woke kulturak —diskriminazioaren eta desberdintasunen aurrean kontzientzia kritikoa sustatzen duen ikuspegiak— eta kantzelazioaren kulturak komediaren mugak estutu dituztela. Such Brave Girls-ek, ordea, kontrakoa erakusten du: ia edozein gairi buruz egin daitekeela barre, baldin eta umorearen atzean begirada zintzo eta kritiko bat badago. Hor dago bere indargunea. Ez du iraintzen iraintzeagatik.
Eta horixe da gehien gustatu zaidana. Barre egin dut, bai, baina barre deseroso horietakoa; pertsonaiek etengabe zailak diren egoeretara eramaten gaituztelako.
Horrelako telesailek gogorarazten didate umore onenak ez gaituela beti lasai uzten; aitzitik, geure buruari eta inguruan dugun munduari buruz pentsarazteko ere gai dela. Eta horregatik gustatzen zait hainbeste.