Oroitzapenek, sarritan, errealitatearen ispilu zatikatua baino ez digute eskaintzen. Bizitzako une jakin batzuk iltzatuta geratzen dira gure baitan; gainerakoa, ordea, denboraren laino artean lausotzen da. Filmin plataformara iritsi den Carla Simonen Romeria filmak ideia hori bera jartzen du erdigunean: familiaren memoria hautsi baten inguruan eraikitako lana da. Familiaren egia berreraikitzeko bidaia xume bezain sakona proposatzen du, non isiltasunek hutsune nabarmena sortu duten, eta hutsune hori zinemak berak soilik bete dezakeen.
Romeria filmak itxiera ematen dio Carla Simonek 2017an Estiu 1993 filmarekin hasi eta 2022an AlcarrĂ s pelikularen jarraitu zuen familia memoriari buruzko trilogiari.
Film berriaren protagonista Marina da (Llucia Garcia), 18 urteko neska gaztea, eta Vigora doa bere aita biologikoaren familia ezagutzera; bera haurra zela, gurasoak hiesak jota hil ziren. Osaba-izeben kontakizunekin eta amak idatzitako egunkarien bidez (Carla Simonen gutun errealetan oinarritua), ia ezagutu ez zituen gurasoen oroimena berreraikitzen saiatzen da. Lehengusuarekin sortzen duen harreman bereziak eta zauri familiarrek bultzatzen dute oroitzapen zatikatuak berpiztera.
Aurreko bi filmek egiazkotasun itzela jariatzen zuten, dokumentaletik gertukoa, eta azken honen oinarria ere hori da, baina ukitu poetikoz eta fantastikoz elikatua dago, baita errealismo magikoaren ildotik eraikitako pasarte luze bat ere. Filmak unibertso oniriko indartsu eta liluragarria eskaintzen badu ere, arrisku narratibo horrek aurreko filmek zuten indar emozionala apur bat lausotzen du.
Estiu 1993 Simonen lanik bereziena iruditzen zait, eta AlcarrĂ s, agian, biribilena. Romeria ez da hain sendoa egituraz, baina lan barnekoia da, poetikoa eta, aldi berean, sakonki politikoa da; familiaren oroimenean ardaztutako trilogia ixteko azken pieza, botere emozional eta estetiko handiz itxia. Argi eta kolore desberdinen bidez nostalgikoaren samurtasuna eta mingarriaren iluntasuna kontrajartzen ditu.
Ahazturik geratu den memoria historiko eta familiarra berreskuratzeko eta berreraikitzeko ahalegin gisa, filma omenaldi hunkigarri eta duin bihurtzen da: hiesaren estigmak markatu eta isilarazitako belaunaldi suntsituari eskainitako oroitzapenezko kantua.