Azken urteotan, true crime edo benetako krimenetan oinarritutako ikus-entzunezko lanak ugaritzen ari dira. Ikusle datu onak lortzen dituztenez, etengabe ari dira formatua ekoizten; hala ere, sarritan, kalitate zalantzagarria izaten dute.
Maiz, biktimak eta haien senideak bigarren planoan geratzen dira, isilduak, pantailatik kanpo. Kamera, ordea, hiltzaileari itsatsita egon ohi da, haren izena azpimarratuz. Kasurik okerrenean, gainera, hiltzailea erromantizatu egiten dute, ilunpeari distira faltsua emanez.
Gaurko zutabean berriki estreinatu diren bi telesail aipatu nahi ditut. Txanpon beraren bi aldeak dira: batek ikuspegi interesgarria eta zentzuduna eskaintzen du, besteak ez hainbeste.
I Fought the Law telesail laburrarekin hasiko naiz. Ann Mingen benetako istorioa kontatzen du: 1989an, Billinghamen (Ingalaterra), Ann Ming erizain britainiarrak Julie Hogg hogei urteko alaba galdu zuen gizonezko batek modu basatian hil baitzuen. Erruduna nor zen argi zegoen arren, poliziaren eta sistema judizial osoaren akats, axolagabetasun eta zabarkeriaren erruz hiltzailea aske utzi zuten. Amak hamazazpi urte eman zituen alabaren hilketagatik justizia lortu nahian.
Hiltzailea ez dute narrazioaren erdigunean kokatzen; hilketak familian izan zuen eragina aztertzen du telesailak, eta batez ere amaren borroka nekaezin eta kementsua. Emakume indartsu baten borroka politiko, sozial eta etikoa da kontakizunaren muina.
Txanponaren beste aldean Monster: The Ed Gein Story; Ed Gein serieko hiltzailearen benetako istorioa erakusten du.
Entretenigarria, aztoragarria eta bisualki indartsua da, Ed Geinen hilketa lazgarriak erakusteaz harago, haren oinarri psikologikoa eta kulturan izan zuen eragina arakatzen dituelako. Baina, aldi berean, eskaintzen zaion erabateko protagonismoak, hilketak irudikatzeko erabiltzen den forma zalantzagarriak eta biktimei eskaintzen zaien tarte urriak, ezinbestean, zalantza moral eta etikoak pizten ditu.
Morboaren kritika egin nahi du, baina morboan murgiltzen da. Zauria erakusten du, baina zauriari estetikaren lentea ipintzen dio; krimena salatzen du, baina aldi berean krimena berridazten du, eszena ilun eta odoltsuen bidez. Eta bitartean, biktimak itzalpean uzten ditu, gorputz mutu eta izen lausotu bihurtuta.