Euskara gehiago, aldatu gidoia, pantailak euskaraz, inposaketarik ez... sinadura bilketak eta grebak ikus-entzunezko esparru publikoan. Batzuek dena primeran doala diote, eta besteek dena aldatu behar dela.
Aldatu gidoia kanpainan bildu diren hainbat eragilek bat eginik Eusko Jaurlaritzari eta EITBri zuzendutako kanpaina jarri dute abian, kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko eskatuz. Azken kanpaina da, aurretik beste asko egon dira arrakasta gutxirekin.
Teknologikoki, hor bai, aldaketak datoz EITBn. Interneti lotutako apustuak, audio eta bideo atari berriak, webgune berria edo txikienentzako plataforma errealitate izango dira laster. Alde horretatik, hobekuntza nabaria dator. Bada barnetik ere gauzak mugitzen dituenik, behintzat.
Hizkuntza politikari, kudeaketari, edukien eskaintzari dagokionez, autokonplazentzia eta oraindik ere informazioaren kontrol estuagoa dagoela dirudi. Hauteskundeak datoz, eta langileek diotenagatik, egunerokoan asko nabaritzen ari da.
Teknologiak aukera berriak ere eskainiko ditu, Luistxo Fernandezek X sare sozialean aipatu duen honen modukoa: «Teknologia honekin —HeyGen Videotranslate aldibereko bikoizketa egiten duen tresna—, Gaur Egun egin ahal izango da 14:00etan ETB1en, eta ETB2n 15:00etan gaztelaniaz emanaldi bera eskaini, edizio aurkezpen lan bikoitzik gabe». Lan esparrua ere mugituko du horrek, eta sindikatuak ere kokatu beharko dira eremu berrian.
Hala ere, lan arazoei entzungor jarraitzen dutenak zuzendaritzakoak dira, ez langileak. Irratietan hiru greba egun egin eta mobilizazioak ezkutatzeko esfortzua nabaria da. Gosaltzeko garaian musika entzutearekin konformatuko garela pentsatuko duenik bada, baina niretzat greba-eguneko musikak borroka baten lehen bataila irabaztearen parekoak dira.
Bitartean, Primeran iritsi da, euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berria. Euskal edukiak bermatu, hedatu eta denentzat eskuragarri jarri nahi ditu, eta SmartTV ezagunenetan, Google Play eta iOS gailuetako denda digitaletan eta Primeran.eus gunean aurkituko duzue. Esperotakoa bezain beharrezkoa, eta ziur interesgarria. Baina ez dezala horrek balio dena primeran doala esateko.

IRLEN SAREA
Txarra kenduta, dena primeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu