gaizka izagirre
'Ekografiak'

Txarrak, baina onak

2025eko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ederki pasatzen dut txarrak baina onak diren ikus-entzunezkoak ikusten. Bai, txarrak, baina onak esan dut. Tira, hobeto azaltzen saiatuko naiz: badira zenbait eduki, aurrez txarrak direla jakinda ere, asko gozatzen direnak. Hain kaskarrak dira, non une batetik aurrera gozamenaren eremuan bete-betean murgiltzen zaituzten; batzuk, gainera, komedia inboluntario bihurtzen dira.

Fall, hiru urteko atzerapenarekin eta zuzenean plataforma digitaletara iritsi den proposamena, horietako bat izan liteke. Kaskarra da, baina asko gozatu dut.

Muturreko klima, animalia basatiak, gosea, hotz edo bero izugarria eta abar. Biziraupen-zinemak, edo survival movies izenez ere ezagunak, obra esanguratsuak utzi ditu zazpigarren artearen historian. Muturreko baldintzetan bizirauteko borrokan ari diren pertsonak jartzen dira narrazioaren erdigunean, eta zama emozional eta fisiko handia izaten dute. Fall eremu horretan kokatzen da.

Becky eta Hunter eskalatzaileak dira filmeko protagonistak. Bi lagunek 610 metro baino gehiagoko altueran dagoen irrati-dorre batera igo eta abentura bat bizitzea erabakitzen dute. Behin gailurrean daudela, jaisteko eskailera apurtzen da, eta ahal duten guztia egin beharko dute bizirik irauteko.

Iruzkinean murgildu aurretik ohar bat: bertigoa baduzue, film honekin oso gaizki pasatuko duzue. Dorrearen gaineko eszenetan asko sufrituko duzue.

Oharrekin hasi naizela jarraitu egingo dut: proposamena oso arrunta da. Ez espero ausardia narratibo iraultzailerik. Biziraupen-zinemaren topiko guztietatik inolako lotsarik gabe elikatzen da: pertsonaien traumak, adiskidetasuna, gidoi-biraketa behartuak eta gero eta zentzugabeagoak diren oztopoak.

Hirugarren oharra: topikoz josita dago, antzezpenak erdipurdikoak dira, narrazioa gehiegi luzatzen da, eta zenbait egoera guztiz sinesgaitzak dira.

Eta, hala ere, Fall filmak ongi funtzionatzen du. Akats nabarmenetatik harago, bere helburua bikain betetzen duelako: entretenitzea eta tentsio handiko uneak sortzea. Pelikulak badaki nola jokatu bertigoarekin, espazio murriztuekin eta ikuslearen antsietatearekin.

Adrenalinak gainezka egiten duen esperientzia baten bila dabiltzan ikusleek gozatuko dute. Izerditan eta kirioak dantzan, besaulkira itsatsita mantenduko zaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.