Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Txotx!!!

2026ko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sagardotegi garaian gauden honetan, Arrosako Zebrabidea saioaren barruan dagoen Txotx podcastak, kontrakoa iruditu arren, ez du sagardoaz hitz egiten, nahiz eta bazkal edo afalondoko solasaldi dibertigarriaren itxura duen. Zortzi gaztek osaturiko talde batek egiten du saioa, nahiz eta beti ez diren guztiak lanera azaltzen —azaroko atalean, adibidez—, eta hori da, nire ustez, azpimarratzeko balioa, gazteek beren intereseko gauzen inguruan hitz egiteko topagunea izatea. Susmatzen dut atzean ez dagoela gidoi landurik, ekoizpen lan handirik ezta aurreikusi daitekeen emanaldi maiztasunik ere. Orain arte argitaraturiko zazpi ataletan ere hizlariak aldatuz joan dira, eta, adibidez, azkenak Erasmusetik bueltan gehitu dira: beren esperientziak ekarri dituzte, eta mikrofonoaren aurrean azaldu.

Aurreko astean unibertsitateko eskola praktikoak hasi genituen irrati estudioan; nahasketa mahaia, mikroak, editoreak eta abar azaldu ondoren, mintzatokian sartu ziren ikasleak eta txutxu-mutxuak kontatzen jarri ziren, barre artean jolasten eta mikroari beldurra kentzen. Horrela imajinatzen ditut Txotx-eko gazteak ere, eta horrela agertzen dira Instagramen eskegi dituzten bideoetan (esan beharra dago azken atalarenak ez daudela). Izan ere, sare sozial horretatik sartzen dira gazte asko irratira edo audio edukietara. Bideo labur horietan —short deiturikoak— badago eszenaratze landuago bat, podcastarekiko jakin-mina sortzen duena. Bestalde, harritu nau bertan gaztelaniazko azpitituluak jarri dituztela ikusteak, jende gehiagorengana heltzeko asmoz? Nire iritziz, ez da beharrezkoa.

Esan bezala, Instagram bada irratirako sarbidea gazteen artean, edo, horretaraino heldu barik, eduki batzuetara iristeko bidea. Antzeko zerbait gertatzen da telebista saio ospetsu batzuekin; entzuleria biderkatzen dute, beraz, emanaldien momentu batzuk jasotzen dituzten bideoek. Bozgorailuetatik pantailaratze horri ere erantzuten dio oso zainduta dagoen logotipo edo berezko irudien erabilpenak, kareta edo sintonia gaur ez baita nahikoa irratsaio baten aurkezpen txartel gisa. Eta zer esan ekiboko izenburuaz... Arreta piztea lortu dute. Gainera, honako honetan, ez dute azaltzen aurreko saio baten jarraipen gisa aurkezten duten lehenengo atalean. Nork daki, beharbada hurrengoan txotx artean azalduko dute…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA