Lide Hernando.

Umorea euskaraz

2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Duela pare bat aste, Donostiako Antzoki Zaharrera joan nintzen, Jon Plazaolaren Tutum Platz! bakarrizketa ikustera. Badakit tarte hau ez dela arte eszenikoen inguruan hitz egiteko berezko lekua, baina bertan ikusitakoak gure telebistara ere estrapola daitekeen zerbaitez ohartarazi zidan: kalitatezko umorea euskara jatorrean ere egin daiteke. Ordu eta erdi iraun zuen emanaldian, Plazaolak txiste eta txiste artean segurtasun uhala edota musukoa hitzak erabiltzeak eta esaldiak gramatikalki ordena zuzenean egiteak ez zuen bere jarduna pedanteagoa egin, eta apenas gaztelerazko hitzik entzun gabeko bakarrizketa batean barrez lehertzen amaitu izanak itxaropena eman zidan.

Telebistan ere izan dugu euskal umore jatorra. Wazemank saioan, adibidez. Euskara hutsean aritzen ziren eta, herri ezberdinetatik zetozen lagun kuadrilla batek egindako saio horri esker, beste guztiok kaleko hizkerarako balioko zizkiguten hainbat euskal hitz ezagutu genituen. Gogoan dut, behintzat, saioa unerik arrakastatsuenean zegoenean, nire ikasgelan ohikoa bihurtu zela earki gatxik! edota moxolo! edonoren ahotan entzutea.

Urte batzuk geroago, Barre librea-rekin ere beste hainbeste izan genuen. Kasu horretan, ahotsak biderkatu egin ziren, gainera; saioaren premisetako bat baitzen atal bakoitzean gonbidatu berriak eramatea. Hilabete horietan guztietan pantailatik igarotzen ikusi genituen lurralde ezberdinetako ahotsak eta hizkerak; den-denek euskaraz umore duina egitea beharrezkoa, eta, batez ere, oso barregarria izan zitekeela frogatu ziguten. Eta nork ez du gogoratzen euskalkiak baliatuz Kepa Errastik egin zuen bakarrizketa bikain hori?

Ez nuke Mihiluze ahaztu nahi. Umorea ardatz izan gabe ere, kutsu hori baliatzen dute aurkezle lanetan aritzen direnek, Antton Telleriak eta Ilaski Serranok, lehiaketa entretenigarriagoa izan dadin. Baita lortu ere. Nahiz edizio zaharrak, arrazoi logikoengatik —hamar urtean asko aldatu da telebista ikusteko ohitura—, share handiagoa eduki, ezin uka saioaren berreskuratze horrek ere arrakasta handia izan duela, are ETB1eko programen artean gehien ikusietako bat bihurtzeraino.

Umorea beharrezko elementua da denon bizitzetan. Ongi legoke euskaldunok, barregarri izateko, erdaretara joan beharrik ez izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.