Lide Hernando.
'Ekografiak'

Umorea, kameren atzean

2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dakit hau inoiz hemen esan dudan —ziur baietz, gauza asko esan ditut-eta hemen dagoeneko—, baina biziki maite dut komedia. Fikzioan eta errealitatean, basikoa eta inteligentea, frantsesa, euskalduna, espainola edo ingelesa; berdin dio zer-nolakoa den ondo ekarria bada. Eta biziki maite ditut umorea eta stand-up-a jorratzen dituzten saioak. Aurreko batean Euskal Herrian berriki gozatzeko aukera izan dugun Linbolate night saioaz hitz egin nizuen —bide batez, joan den astean eman zuten azkenengo atala, ea ETBk hura berritzeko asmoa duen—; eta gaurkoan, tankera horretako saioetan erregina dena ekarri nahi izan dut: Saturday Night Live.

Hau ez da edozein aitzakiarengatik izan; 2025eko urtarrilean estreinatutako SNL 50: Beyond Saturday Night dokumentala ikusi dudalako baizik. Lau atalek osatzen dute dokumental hori, baina denen artean lau zatiko istorio jarraitu bat kontatu beharrean, lau alderdi ezberdin tratatzen dituzten pieza solte gisa uler daitezke hobeto. Ameriketako Estatu Batuetako saio komiko mitikoenak 50 urte bete zituelako aitzakiarekin atera zituzten eta, orotara, lau piezako mosaiko honek gogoeta sentikor bat egiten du, saioak mundu zabalean eragindako barrea omendu nahian. Lehen atalak castingaren prozesuan jartzen du arreta, 1975etik gaur egunera bitarte izan diren umorista taldeak nola hautatzen dituzten erakusteko. Hollywoodeko komedia ikusi zaleak garenoi hamaika aurpegi ezagun agertuko zaizkigu bertan, Amy Poehler, Pete Davidson eta Jason Sudeikis, kasurako. Bigarren atalak umore esketxetara gehiago gerturatuko gaitu, zehazki 2000. urteko SNL-ko atal batean egindako More Cowbell esketxera, eta hark eragindako iskanbilan sakonduko du. Hirugarrenak, bestalde, gidoigileen bulegora eramango du ikuslea, saio kaotiko honetan txisteak eta esketxak nola idazten dituzten ikusteko. Azken atalak, amaitzeko, saioan mugarri izan zen 11. denboraldian sakontzeko aukera emango du, bertan hartutako erabakiek SNL-ren norabidea nola aldatu zuten ezagutzeko.

Rolling Stone aldizkari mitikoak ederki laburbiltzen du telesail dokumental hori comedy-nerd heaven gisa identifikatuta: komediazale frikiontzako paradisua, alegia. Komedia gustuko baduzu, eta kameren atzean gertatzen den guztiaren berri jakin nahi baduzu, ez galdu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.