Kobazuloetako hormetan egindako irudien bidez ezagutu ahal dugu lehenengo gizakien ohiko jarduna, hieroglifoek erakusten dute Egiptoren handitasuna, eskulturen bidez irudikatzen ditugu erromatar enperadoreak edo Erdi Aroko erreginak… Baina zeintzuk ziren garai horietako soinuak? Zer entzuten zuten aro bakoitzeko pertsonek? Galdu dira horien arrastoak, betiko galdu ere. Ez dira gorde denboran oso gertu izan diren hots asko, ezta irratietatik emandakoak ere. Estudioak digitalizatu arte, zinta magnetikoetan grabaketa batzuk aurrekoen gainean egiten ziren, bereziki aurrekontu handirik ez zuten herri-irratietan. Oso soinu-dokumentu gutxik zuten fonotekan irauteko pribilegioa. Gainerako hotsak efimeroak izan dira eta irudimenean baino ez dira gorde.
Horregatik bereziki interesgarria iruditzen zait Ipar Euskal Herritik heldu zaigun oparia. Argiz(h)ari podcastean joan den mendeko hainbat soinu berreskuratzen dituzte hilero, eta dagoeneko hiru atal entzungai daude Euskal Irratien webgunean. Marie Hirigoienek eta Pantxix Bidart Plak gidatzen dute gure historia kontatzen duten musikak eta soinu-paisaiak berreskuratzen dituen irrati-istorioa. Artxibo batzuk irratia bera baino lehenagokoak dira, 1900eko Parisen ospaturiko erakusketa unibertsal batean egindako grabaketak, adibidez. Fonografoa gainean egindako bidaia batean jaso zituen Austriako antropologo batek bigarren atalean eskaintzen direnak, horien artean galdutako Erronkariko euskalkikoak, esaterako. Eta hirugarrenean, podcastaren hastapenean ezagutzen ditugun Claudie Marcel-Dubois-ek eta Maguy Pichonnet-Andral-ek egindako soinu-bidaiarenak ditugu, 1947an egindakoak, De Gaullek Hego Euskal Herriko euskaldunen askatasun-nahiak babesteko promesa ahazten zuelarik.
Lehenengo grabaketa horiek Edisonek asmaturiko fonografoarekin egin ziren, argizarizko zilindroen gainean. Hortik dator podcastaren izena, binilozko diskoak baino lehenago soinu horiek gordetzea ahalbidetu zuen asmakizunaren garrantzia agerian uzteko. Era berean, azpimarratu nahi dute badagoela atzo eta gaurko hotsak lotzen dituen haria. Benetan eskertzekoa da Hirigoienek doktore tesian soinu horiek berreskuratu izana, eta, lan akademikotik harago, guregana hurbildu izana. Lasai eta patxadaz gozatzeko altxorra, kanpoan dago hotzetik babestuta.