Iragan astean Sara Azurzak gomendatutako film bat ekarri nahi dut gaur. Udan ikusi nuen arren, ikasturte hasiera garai egokia iruditzen zait oporretan motxilan gordetakoak zuekin partekatzeko.
Donostiako Zinemaldia urrunetik bizi duzuenontzat, edo tapiz gorriko zalapartatik aldendu nahi duzuenontzat, Filmin plataforma oasi lasaigarri ederra izan daiteke. Bertan topatzen dira proposamen bereziak, ez beti komertzialak, ez beti guztiontzat, baina sarritan aberatsak, zirraraz eta mamiz beterikoak.
Molt lluny filmaz ari naiz. Sergio (Mario Casas) Utrechtera joan da anaiarekin eta lagunekin, futbol partida bat ikusteko. Bartzelonara bueltan eramango dituen hegaldia hartu aurretik, izuak jota, Herbehereetan geratzea erabakiko du. Etxekoei azalpen logikorik eman ezinik, iraganarekiko kontaktua moztea irudituko zaio irtenbide bakarra. Une horretatik aurrera, dirurik gabe, etxerik gabe eta tokiko hizkuntza hitz egin gabe biziraun beharko du. Zer gertatzen zaion apurka-apurka deskubrituko dugu, dosi txikietan, eta sotiltasuna une oro nagusituz.
Futbolak ez du istorioan eragin handirik, baina baliagarria da maskulinitate heteropatriarkalaren erretratu txiki bat egiteko, baita pertsonaia galdu baten irudia marrazteko ere. Ingurune horretan, inork ezagutzen ez duen lekuan, hasiko baita ulertzen bere identitatearen oinarri den maskulinitate mota hori ez dela berea. Testosteronaz beteriko giro homofobiko batean hazi da, eta haren ukazioaren ispilua da film osoa futbol taldearen txandala jantzita igarotzea.
Molt lluny lehen planotik liluratu nauen lana da. Gerard Omsek narratiba sakon eta hunkigarria eraiki du, eta intimoaren eta bisualki poetikoaren arteko oreka perfektua lortu. Eszenaratze soil baina oroitarazleak erabiliz, pertsonaien garapena sotiltasunez laguntzen du, bere barne-munduan urrats txiki baina sakonak eginez.
Mario Casasek lan bikaina egiten du. Bere antzezpena oso neurtua dago, detaile txikiz josia dago eta ez da inongo momentutan gehiegikeriaren eremuan erortzen.
Hiriaren tristura, hoztasuna eta bakardadea transmititzeko, irudia kolore grisez eta itzaliz bustia dago. Estetika guztiz bat dator istorioaren mamiarekin eta, batez ere, protagonistaren barne gatazkarekin.
Intimoa, sotila, pertsonala eta sentsiblea da. Ederra.