gaizka izagirre
'Ekografiak'

Vigalondo

2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nacho Vigalondo Espainian dagoen zinemagilerik aske eta originalenetakoa iruditzen zait; filmografia gorabeheratsu samarra duen arren, haren ibilbidean fantasiazko edo zientzia fikziozko ideiez baliatu da, oso gai gizatiarrak aztertzeko. Haren lan gehienetan beti dago zer pentsatu eta zer behatu.

Uztailean Superestar telesaila estreinatuko du, Suma Content ekoiztetxearen zigilupean. Maria del Mar Cuena Seisdedos santurtziarraren istorioa azalduko du proposamen horretan; Yurena izen artistikoaz ezagunagoa, nahiz eta aurretik Tamara eta Ambar ere deitu izan zaion. Abeslariaren hasiera artistikoari buruzko telesaila da. 2000ko hamarkadaren hasieran, Espainiako telebistan oso ezagun bihurtu zen, No cambié abestia eta Superestar albuma kaleratu ondoren. Crónicas Marcianas saio espainiarrean izandako agerraldiak eta prentsa arrosan izandako aferak ere ezagunak izan ziren.

Filminera, aldiz, bihar iritsiko da Vigalondoren film berriena: Daniela Forever. Zientzia fikziozko drama erromantikoen azpigeneroan kokatuko nuke lan hori, eta bertan doluaren, maitasunaren eta bigarren aukeren inguruko azterketa proposatzen du. Ezbaian jartzen du etikoa edo osasungarria den iragana ordezkatu edo berpizten saiatzea; baina filma irregularra da.

Bizitzak zentzu guztia galdu du Nicolasentzat, Daniela bikotekidea galdu ondoren. Egun batean, bere ametsak kontrolatzeko modua emango dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatuko dute, eta baietz esango du, bere onera etortzeko itxaropenaz. Baina amets horietan betiko galtzeko arriskua ere badago.

Ametsen eta errealitateren mundu horiek narratiboki ez ezik formalki ere bereizi egiten ditu Vigalondok. Betamax kamera zahar bat erabili du errealitatea filmatzeko eta 4:3 formatuaz baliatu da; eta ametsetarako, aldiz, bereizmen handia eta formatu panoramikoa duten egungo kamera modernoak; hala, kontraste bisual oso esanguratsua sortu du.

Axolagabe uzten ez duen proposamen horietako bat da, eta hori oso eskertzekoa da; baina, kontakizun nagusiaren norabidea gehiegi sakabanatzen da.

Premisa burutsua izan arren, eta bisualki oso azpimarragarria bada ere, gidoia ez da guztiz biribila, eta zenbaitetan narrazioaren amaraunean galduta dagoela sentitzen dugu. Trakestu egiten da, bereziki azken zatian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.