Diagnostiko batek eta pertsona egokia une egokian ezagutzeak batzuetan bizi dugun errealitatearen zentzua aldatzera eraman gaitzake. Berandu nator telesail honetaz idaztera, badakit, baina ez da inoiz aitzakia txarra lan hau goraipatzeko: Breaking Bad telesailaz ari naiz.
Breaking Bad telesailak Walter White izeneko kimika irakasle baten eraldaketa kontatzen du. Istorioa Albuquerque hirian (Mexiko Berria) girotua dago, eta Walter Whiteren (Bryan Cranston) bizitza du ardatz; biriketako minbizi sendaezina duela jakitean, metanfetamina ekoiztu eta saltzea erabakitzen du, familiaren egonkortasun ekonomikoa ziurtatzeko. Horretarako, Jesse Pinkman (Aaron Paul) ikasle ohiarekin elkartzen da, drogen munduan esperientzia duen gazte batekin, eta bien arteko harremanak irakasle-ikasle dinamika eta gatazka pertsonalak uztartzen ditu.
Telesailak aurrera egin ahala, Walterrek Heisenberg ezizena hartzen du eta narkotrafikoaren munduan sakontzen da, mafiekin, DEArekin eta dilema moralekin aurrez aurre jarrita. Pixkanaka, gizon zintzo eta hauskor bat zena bere negozioa eta familia babesteko edozer egiteko prest dagoen pertsona bihurtzen da. Aldi berean, haren emazte Skyler Whiteren (Anna Gunn) eta seme-alaben bizitza ere erakusten da, eta, hala. Walterren erabakiek ingurukoengan duten eragina agerian utzi.
Gaur egun, telesailak gero eta azkarrago kontsumitzeko eginak dauden honetan, are gehiago eskertzen da Breaking Bad bezalako lan bat. Ikuslea egoeran kokatzera eramaten du, eta horretarako denbora hartzen du lehen denboraldi osoan; beraz, pazientzia izatea gomendagarria da hasieran. Atalak ere modu berezian muntatuta daude: hasieran etorkizunean gertatuko diren eszenen pilulak eskaintzen dizkizu, eta horrek, pantailatik kanpo zer gertatuko den jakin gabe, imajinaziora eramaten zaitu.
Oro har, Breaking Bad bere narrazio intentsoagatik, pertsonaien garapen konplexuagatik eta basamortuko paisaiek sortzen duten isolamendu eta tentsio giroagatik nabarmentzen da. Guztira bost denboraldi eta 62 atal ditu, eta oso txalotua izan da. Netflixen ikusgai dago, eta oraindik ikusi ez baduzu, badakizu zein izan daitekeen zure hurrengo hautua.