Sara Azurza
'Ekografiak'

'Yakarta'

2025eko abenduaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirol diziplina berezi bat, entrenatzaile obsesionatu bat eta nerabe bat uztartzen dituen telesaila da Yakarta, Movistar Plus plataforman ikusgai dagoena. Bizitzako galtzaile ausarten eta badmintonaren inguruko kontakizun zoragarri bat da, Javier Camara eta Carla Quilez protagonista dituena. Inoiz irabazi ez duten horiei eskainitako oda sentikor eta ederra.

Joserra badmintoneko entrenatzailea da, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuena, eta gaur egun ez dago bere onenean. Itxura arduragabeak eta bizitza bakartiak agerian uzten dute arazo ugarik markatutako kirolari ohi eta gizajo baten erretratua.

Egun batean, Mar izeneko nerabe gazte batengan ikusten du bere burua, badmintoneko partida batean, eta haren bidez —eta haren garaipenen bidez— bere hutsune existentzialak eta barneko etsaiak gainditzeko itxaropena iritsiko zaio bizitzara. Hura entrenatzea erabakita, Espainiako bazterretako paisaiak zeharkatuko dituzte elkarrekin, honako baieztapen honi kontra egiteko ahaleginean: «Inor ez da badmintonean hasten zoriontsua bada».

Atalak aurrera joan ahala, Joserraren eta Marren artean kirolaren bidez garatzen den mentore-ikasle harreman berezi bat sortzen da, bizitzako kolpeei aurre egiteko badmintonari helduta. Ez da beti erosoa: une batzuetan deseroso sentiaraziko zaitu, aitortu behar dut, batez ere Joserraren jarreragatik. Baina hori ere azaltzen da telesailean, exijentzia handiko kiroletan entrenatzailearen rol gogor eta anbiguoa erakusten baitu.

Protagonistak etengabe 92aren aldeko apustua egiteak, gastatzen duen euro bakoitza alabari justifikatzeko deiak egiteak eta federazioko kide ohiei denek bizkarra eman zioten afaria behin eta berriz gogoratzeak Joserraren pertsonaia osatzen dute; aldi berean, ordea, benetako bonba bat iragartzen duten arrastoak dira.

Agian, Espainiako aurtengo telesailik onena da. Porrotaren ertzean bizi direnen istorio intimoa da Yakarta, bigarren aukerarik gabe gelditu direnena; garaipenek baino gehiago, galerek definitzen dituzten pertsonena. Horregatik da hain mingarria, eta, aldi berean, hain ederra: «Gehien maite nuenarekin hainbeste jokatzearen poderioz, oharkabean galdu nuen onena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.