gaizka izagirre
Ekografiak

Zaintzaren zama

2026ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marta Matute zinemagile madrildarraren lehen film luzea Filmin plataformara iritsi da: Yo no moriré de amor. Bere familiako esperientzian oinarrituta, Claudiaren (Julia Mascort) istorioa kontatzen du; 18 urterekin, amaren gaixotasunak erabat astinduko du haren bizitza. Filmak soiltasunean aurkitzen du indarra, eta keinu handien beharrik gabe, gizatiarra eta oso hunkigarria da.

18 urteko Claudia da protagonista. Amaren gaixotasuna —alzheimerra— ekaitz isil baten moduan sartu da haren bizitzan, eta aspaldi lokartuta ziruditen familiako rolak mugiaraziko ditu. Zaintzaren pisuaren eta gaztaroak eskatzen duen askatasunaren artean harrapatuta, heldutasunerako jauzi mingarri bat egin beharko du ia ohartu gabe.

Sara Fantovaren Jone, batzuetan filmarekin antzekotasun nabarmenak dituen filma da. Hemen ere gazte baten bizitzaren bi ertzek elkarri begiratzen diote, eta dualtasun horretatik sortzen da tentsio emozional sakonki gizatiarra. Pertsonaiak bikain marraztuta daude, sotiltasunez landuak; urrunetik bada ere, Alauda Ruiz de Azuaren oihartzunak suma daitezke haien tratamenduan eta eremu grisetan kokatzeko hautuan.

Matutek sentimentalismo oro saihesten du. Gaixotasuna ez da narrazioaren «gertakizun handi» gisa agertzen; familiaren dinamika isilean eraldatzen duen presentzia progresibo baten moduan eraikitzen da. Kamerak ez du epaitzen, gorputzen dardara txikietan eta esaten ez den horretan pausatzen da, pertsonaien neke emozionala hurbiletik entzunez.

Lau aktore nagusiek maila handiko lana egiten dute, baina bereziki distiratsua da Mascorten interpretazioa. Haren presentzia garden eta mingarriaren bidez azaleratzen du Matutek filmaren ideia krudelenetako bat: maitasunak ez duela beti eskuzabaltasuna esan nahi, eta gaixotasunak familiaren arrakaletan ezkutatzen diren egoismoak ere biluzten dituela.

Filmak badu beste geruza isil bat ere: zaintzaren ikusezintasunarena. Matutek ez du soilik gaixotasunari buruz hitz egiten; zaintzen duten gorputz nekatu horiei buruz ere mintzo da, egunerokoaren zama bizkarrean daramaten horiei buruz, askotan inork begiratu ere egiten ez dien ezinbesteko pertsona horiek.

Amaitzean isiltasun luze bat uzten du, garunean eta bihotzean pausatzen dena. Bikaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA