urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Zaldi zuria eta kamera banpiroak

2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako poliziek eta segurtasun indarrek inplikazioa izan zuten narkotrafikoaren negozioan 1980ko hamarkadan. Narkoterrorismoa hitza aipatzen ari dira egunotan albistegietan, beste kontu batzuetan, baina edonola ere, badira datuak egiaztatzen dutenak poliziek eragina izan zutela heroinak Hego Euskal Herrian egin zuen triskantzan. Hor daude Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan argitaratutako erreportajeak, eta Juan Carlos Usoren ¿Nos matan con heroína? (Heroinarekin hiltzen gaituzte?) liburua. Eta jakina da: heroinak klase sozial desberdinetako gazteak eraman zituen. Aberaskumeak ere erori ziren zaldi zurian; musika eta zinema munduko jendea barne. Ivan Zulueta zinemagile eta kartel egilea (Donostia, 1943-2009) ere heroinaren mende gelditu zen 1980ko hamarkadan, eta hura ez zen familia txiro batekoa.

Cecilia Roth El ultimo arrebato dokumentalean
Cecilia Roth, 'El último arrebato' dokumentalaren irudi batean. MOVISTAR PLUS

Zuluetaren Arrebato film bikain banpirikoaz eta haren bizitzaz dokumental aske eta erakargarri bat aurkeztu zuten azkeneko Donostiako Zinemaldian Marta Medinak eta Enrique Lopez Lavignek: El último arrebato. Areto komertzialetan bidea egin ostean, Movistar Plus plataforman ikus daiteke.

«...eta batzuetan, luzaroan errealitatetik urrun baldin bazaude, fotograma bat galdu dezakezu». Off-eko ahotsa gogoratzen dutenek ere ezustekoa hartuko dute Virginia Montenegrok —Zuluetaren bizitza osoko lagunak— Villabonako (Gipuzkoa) baserrian zera azaltzen duenean: Arrebato-ko ahots hura Zuluetak berak jarria zen, eta ez Will More aktoreak.

'El último arrebato' dokumentala
Jaime Chavarri gidoilari eta zinemagilea, 'El último arrebato' dokumentalean. APACHE FILMS / EFE

Baditu ezusteko gehiago El último arrebato-k. Tartean dira Zuluetak berak gaztetxoa zenean filmatutako lan amateurrak. Dokumentalaren lan prozesuan funtsezkotzat nabari da Jaime Chavarri zinemagilearen eskua; Zuluetaren lagun mina izan zen, eta dokumentalean gidoia sinatu du, Marta Medinarekin batera. Estetikoki originalak dira, halaber, Eusebio Poncela —iazko abuztuaren 27an hil zen— eta Cecilia Roth aktoreekin egindako elkarrizketak. Haiek Arrebato filmean ageri diren eszena zatiak ere modu erakargarrian daude erabiliak.

Eta bada momentu oso hunkigarriren bat ere; Zuluetaren bikotekide izan zen Carlos Astiarragaren lekukotzan. «Heroinarekin ezin izan nuen lehiatu», dio, barrutik malkotan. Kultuzko pelikulatzat gelditu da Arrebato; aretoetan porrot egin zuen, eta Zuluetak ez zuen film luze gehiagorik zuzendu. Merezi zuen omenaldia bada, bederen, Medinaren eta Lopez Lavigeneren dokumentala. Bejondeiela.

'El último arrebato' dokumentala
Eusebio Poncela (iazko abuztuan hil zen), 'El último arrebato' dokumentalean. APACHE FILMS

Eloy de la Iglesiaren 'zine kinkia'

Zaldi zuriaren atzaparren mende gelditu zen Gipuzkoako beste zinemagile bat Eloy de la Iglesia (Zarautz, 1944-Madril, 2006) izan zen. Haren pelikulen gaineko dokumental bat egin du Gaizka Urrestik: Eloy de la Iglesia, adicto al cine. Hori ere Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, aretoetara heldu da, eta Movistar Plusera datorren larunbatean iritsiko da.

Urrestiren dokumentala formaz tradizionalagoa da: ohiko elkarrizketak tartekatzen dira, zinemagileaz hizketan. Eta bada aukera Zarauzko zinemagilearen ahotsa ere entzuteko. Ezin zuen bestela izan, eta De la Iglesiaren film esanguratsuen irudiak tartekatzen dira puzzlean. Nahiz eta ez den El último arrebato bezain ausarta planteamenduan, De la Iglesiaren bizitzari eta obrari gerturatzeko erretratu baliotsua da; diktaduran zentsuratua, homosexuala eta komunista izateagatik jazarria, ertzetan urratzaile zineman. 

Eloy de la Iglesiari buruzko dokumentala
Eloy de la Iglesia Zarautzen jaiotako zinemagilea, hari buruzko dokumentalaren irudi batean. MOVISTAR PLUS

Drogaren mende gelditu eta urte batzuk pelikularik egin gabe eman ostean, Donostiako Zinemaldiak 1996. urtean De la Iglesiaren filmen ziklo bat antolatu eta hura omendu zuen. Bizigarria izan zen une hura zinemagilearentzat, eta 2003an bere azken filma zuzendu zuen: Los novios búlgaros.

Edonola ere, berriro ikusteko modukoa dena El pico (1983) ausarta da. Bilbo grisean, guardia zibil baten semea eta legebiltzarkide abertzale baten semea lagunak dira, trapitxeoan dabiltza, eta zaldi zuriaren xiringen atzaparretan eroriko dira. Garai hartakoak grazia handiz kontatzen ditu zarauztarrak. Zine kinkia deiturikoan zuzendu zituen beste harribitxi gehiago; La estanquera de Vallecas (1987), esaterako.

Colegas filma Eloy de la Iglesiaren dokumentalean
'Colegas' filmaren (1982) irudi bat, 'Eloy de la Iglesia, adicto al cine' dokumentalean. MOVISTAR PLUS

Film haietako aktoreetako batzuk hautsaren gaindosiz hil ziren: Jose Luis Manzano —29 urte zituela— eta Jose Luis Fernandez Eguia El Pirri —23 urte zituela—. Zinemak ezin izan zituen salbatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.