Squid Game-ren hirugarren denboraldiaren promoak sare sozial guztiak hartu ditu: berdin dio X-n sartzen zaren, zein Youtuben edo Instagramen: hortxe topatuko duzu berriro ere panpina erraldoi korearraren irudia scroll-aren goialdean, bi motots eta soineko arrosa-laranjarekin plano kontrapikatuan zuri mehatxu naif batez begira. Esan gabe esanez telesailaren azken denboraldia ekainaren 27an argitaratu zutela Netflixen, eta ea zertan ari zaren hori ikusi gabe; inork eskatu ez duen baina mundu guztiak ikusiko duen horri haginka egin gabe.
Zeren, bai, batzuetan telesailak ikusi baino, haginka egiten diegula iruditzen zait; murtxikatu gabe irentsi, ostean bizitza deitzen diogun horrekin jarraitzeko —ziurrenik beste zerbait ikusiz—. Eta, bai, Squid Game ez da inork eskatu ez duen baina mundu guztiak ikusiko duen telesail bakarra azkenaldian: Stranger Things-en azken denboraldia urte honen hondarretan aterako omen da, eta Sex and the City mitikoaren sekuelak hiru denboraldi ditu jada; hi-ru. Hauek ez dira bakarrak; historian zehar beharrik gabe luzatutako telesail andana baitugu: Lost —edo azken denboraldietan gidoilarien inprobisazioa nabarmen egin zenekoa—, True Blood —edo pertsonaia guztiek zentzugabekeriak egiten amaitu zutenekoa—, edota, onartzen badidazue, baita The Office ere —edo komediak grazia egiteari utzi zion momentua—.
Ez dut ezer berririk esango esaten badut kapitalismoak behar ez ditugun beharrak sortzen dizkigula; eta horixe egiten du telesailekin ere. Urteak dira Stranger Things-eko haurrek haur izateari utzi ziotela, baina hala ere Duffer anaien unibertsoaren azken astinaldiaren esperoan gaude, istorioa nola bukatuko —ez al da jada hainbat aldiz bukatu?—. Squid Gamek ere, kultuzko eduki bat izan gabe, oso era borobilean amaitu zuen bere lehen denboraldia, ez baitzuten uste besterik egongo zenik. Lanak eskuratutako ustekabeko arrakasta horren aurrean, ordea, elkarri lotutako bi denboraldi gehiago ekoiztea erabaki zuten, istorioa errepikatuz, zartatuz, higatuz. Eta gu, gehienok behintzat, hortxe egongo gara beti, kontatzen ari diren hori kritikatuz, «Ze nezesidade?» esanez, baina berdin-berdin ikusiz. Tira; nik oraindik ez ditut Squid Game-ren azken biak ikusi; ea zenbat irauten dudan.