urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Zer pasatzen den azkenaldi hontan

2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

Berez, astea aproposa izan zitekeen zinemaz hitz egiteko: Filmin-en Aki Kaurismakiren bilduman dauden film labur jostagarriez zein Primeran plataforman jarri dituzten Paul Urkijoren aurreneko laburrez. Edo Paul Auster hil berriak Smoke filmerako idatzi zuen gidoiaz zein Wayne Wangekin batera zuzendu zuen Blue in the Face filmaz.

Baina aktualitateko elkarrizketa batzuek protagonismoa hartu zuten astearen hasieran, eta zaila da horiek aipatu gabe uztea. Astelehen gauean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea elkarrizketatu zuten TVEn. Marta Carazok eta Xabier Fortesek egindako elkarrizketak ez zuen mami handirik izan, ordea, eta logurea eragin zuen. Hurrengo goizean SER katean Angels Barcelok egin zion elkarrizketa biziagoa izan zen, eta zorrotzago aritu zen galderak egiten irratiko kazetaria. Sanchezek aipatu zituen gai batzuk interesgarriak izan ziren: desinformazioa, «olatu erreakzionarioaren» erasoak... Baina ez zuen proposamenik jarri mahai gainean. Gehienera, zerbait egin beharko dela «sasi-hedabideen» inguruan. Sanchezek berak autokritika egin zuen, eta beste pertsona batzuek gezurrak, irainak eta jazarpen judiziala jasan izan dutenean, ez duela erreakzionatu aitortu zuen. Ikusteko dago astelehen goizean esandako «puntu eta aparte» hark ondotik ekintzarik ba ote dakarren. Komunikazioaren ikuspegitik, PSOEko idazkari nagusiak agenda markatu duela ezingo da ukatu, bederen.

ETB1 kateak asteartean 11 Entzuteko saio berria estreinatu zuen. Lehen eztabaidan aktualitateari egin zioten kosk: Sanchezen gutunaz eta ondorengo agerraldiaz hitz egin zuten. Ezin zen bestela izan; sumarioan sagardotegi garaiaz ere ariko zirela iragarri zuten, baina ez zuten denborarik izan horretarako.

Fermin Muguruza ETB1eko '11 Entzuteko' saioan.
Fermin Muguruza eta Klaudio Landa ETB1eko 11 Entzuteko saioan. ORIO PRODUKZIOAK

Programa berean, platerik handiena Klaudio Landak Fermin Muguruza musikari eta zinemagileari egindako elkarrizketa izan zen. Sanchezek ez bezala, Muguruzak eman zituen kontu berri batzuk argitara: batetik, aipatu zuen nola Valentziako (Herrialde Katalanak) herri bateko institutu bateko zuzendaria eta zuzendaritza batzordeko beste bost irakasle epaitegira eraman dituzten deklaratzera, bere omenez egindako horma irudi artistiko bat zintzilikatzeagatik. Auzia egun horretan bertan artxibatu egin dutela azaldu zuen. Bestetik, Muguruzak iragarri zuen 2025ean kontzertu batzuk emango dituela Europako hainbat hiritan: Bartzelonan, Parisen, Erroman eta Berlinen.

Ondoren, beste eztabaida bat egin zuten, hamabi minutu eskasekoa, Interneteko sare sozialen ingurukoa. Baina programako momenturik onena, ziur aski, Muguruzaren elkarrizketaren erdian Itziar Ituñok (Basauritik) bidalitako bideoa jarri zutenean gertatu zen:

«Izorra daitezela fatxa horiek!» hitzak Ituñoren ahotsean prime time-an entzutea ez da batere kontu makala. Hartaz, Sanchezek autokritika egin badu eta eskuin muturraren erasoen aurka egin nahi badu, ez zaizkio aukerak faltako: joan daiteke Muguruzak Bartzelonan emango duen kontzertu handira, eta musikariari babesa eman diezaioke. Eta joan daiteke Ituñoren hurrengo filmaren eta telesailaren estreinaldira, eta Ituñori elkartasuna adierazi, jasandako eraso kanpaina dela eta. Kanta dezala hark ere Sarri, sarri aktorearen alboan.

Inkesten ondorioak

Egunotan, bestalde, nahiko oharkabean joan da Estudio General de Medios-ek egindako azken neurketaren datu bat: Euskadi Irratiak 121.000 entzule; Radio Euskadik, 119.000. Euskarazko irratia gaztelaniazkoaren aurretik? Kontua da EGMk inkesten bidez egiten duela neurketa hori, eta atera diren datuak ez direla batere fidagarriak. EITBn ardura handiko kargu bat bete zuen profesional baten arabera, alde handiak izaten dira EGMren neurketa batzuen eta besteen aldean, eta ezin dira aintzat hartu. Beste hitz hauek, berriz, Garazi Goia adituarenak dira: «Inkestak ez dira fidagarriak. Benetako datuen gehigarri dira, ondorio kualitatiboak izateko».

CIESen eta EGMren irrati entzuleen neurketa asko begiratuz gero, edonola ere, honako hau ondoriozta daiteke: Euskadi Irratiaren entzule kopurua Radio Euskadik duen kopurutik ez dago oso urrun. Aldiz, ETB1 katea ikusten dutenen halako lau dira ETB2 ikusten dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.