gaizka izagirre
Ekografiak

Zientzia-fikzio baikorra

2026ko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prime Video plataformara heldu den Project Hail Mary filmaren lehen minutuek berehala harrapatu naute, baina, hasierako ezustekoa gaindituta, Lurra salbatuko duen heroi yankiaren inguruko film tipiko baten aurrean nengoela pentsatzen nuen. Eta, egiari zor, badu horretatik zerbait, baina bere benetako xarma tonua pixkanaka nola eraldatzen den ikustean agertzen da: Pixarren filmen berotasuna eta gizatasuna eta Steven Spielbergen abentura klasikoen oihartzuna modu naturalean uztartzen dira.

Project Hail Mary filmean aspaldiko abentura eta zientzia-fikziozko filmen esentzia arnasten da, gero eta gutxiago aurkitzen den horietakoa. Zientzia-fikzio baikorra da, umorea eta emozioa uztartzen dituen sorpresa atsegina.

Istorioa Andy Weirren eleberrian oinarrituta dago, The Martian lanaren egile beraren obra batean. Protagonista Ryland Grace (Ryan Gosling) da; zientzia-irakaslea da, eta ia nahi gabe espaziora bidalia dute. Bere misioa Tau Ceti sistemara bidaiatzea da, Eguzkia pixkanaka itzaltzen ari baita, organismo misteriotsu baten eraginez. Goslingez gain, Sandra HĂ¼ller aktore alemaniar bikaina ere agertzen da filmean; The Zone of Interest eta Anatomie d'une chute lanetan ikusi dugu, besteak beste. Bi film horiek ikusi ez badituzue, guztiz gomendagarriak dira.

Beste lan garaikide askok duten tonu solemne eta ezkorraren aurrean, filmak aurkikuntzaren poza, jakin-mina eta lankidetzaren balioa lehenesten ditu, ia haur-literaturaren kutsua duen tonu batekin, hitzaren zentzurik onenean.

Obrak egitura zatikatua darabil: oraina eta flashbackak txandakatzen dira, ikusleak istorioa pixkanaka berreraiki dezan, paraleloan. Komunikazioari, enpatiari eta espezieen arteko lankidetzari buruzko istorioa da eta klixetik urruntzen da.

Protagonistak pisu handia du kontakizunean. Ohiko heroi eredutik urrun, bere zalantzek, beldurrek eta hasierako borondate faltak definitzen dute. Goslingen interpretazioak —Rockyren laguntzarekin, jakina— filmaren zati handi bat sostengatzen du, eta pertsonaiari dimentsio gizatiar eta hurbila ematen dio.

Akatsik ez zaio falta —batez ere gidoiaren zenbait erabakitan eta egoera batzuen sinesgarritasunean—, baina, hala ere, film ederra eta berezia da, gaur egungo zientzia-fikzioaren panoraman nabarmentzen den horietakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA